Ekitaldiak Emakumeen Eguna ospatzeko

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 1a, 10:03
Iazko manifestazioa Larrabetzun

Iaz COVID-19aren mehatxupean ospatu genuen Martxoaren 8a, eta aurten pandemiak eragindako osasun-krisiaren gorabeheren pentzuan ospatuko dugu. Nolanahi ere, formatua hau edo bestea dela, herrietan eta hirietan aldarrikapen-ekitaldiak egingo dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Sondikan, esate baterako, “Eguneroko emakumeen meritua” argazki-erakusketa antolatu nahi dute Garrasia talde feministaren kideek eta, horretarako, herritarrei eskatu diete garrasiatf@gmail.com helbide elektronikora edo taldearen Instagramera inguruko emakumeen argazkiak bidaltzeko, “egunerokotasunetik, eremu ikusezinetatik borrokatu diren emakumeen argazkiak. Emakume horiek ohoratu nahi ditugu, eta bizitzari eusteko egin dituzten ekintzak ikusgai egin”, azaldu dute. Halaber, Martxoaren 8an, 20:00etan, testua irakurriko dute Ikurrina Plazan eta kazerolada ibiltaria egingo dute.  

Garrasia Sondikako talde feministaren ekitaldia 2020an

Garrasia Sondikako talde feministaren ekitaldia 2020an

Derion, Martxoaren 8an bertan elkarretaratzea eta auto-karabana antolatzeko asmoa dute Koxak talde feministako kideek. Halaber, dataren inguruko egunetan beste ekintza batzuk ere antolatu nahi dituzte, hala nola hitzaldia, murala eta bideoforuma. Gizarte-sareetan emango dute ekintza horien berri.

Emauseko Bitartean eguneko zentroaren erabiltzaileen eskutik, historia egin duten emakumeen irudiak ipiniko dira Derion aste osoan zehar. Emakume horien artean daude Ada Lovelace matematikaria, informatikaria eta idazlea; Rosa Parks aktibista afroamerikarra eta Valentina Tereshkova astronauta errusiarra. Era berean, eskumuturreko solidarioak ipiniko dira salgai Adarve tabernan, kiroldegian, Baserri Antzokian eta Arteaga estankoan eta batzen den dirua Acambi elkarteari emango diote. Acambi elkarteak bularretako minbizia edo ginekologia-minbizia duten emakumeen alde egiten du lan.    

Bestalde, Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak eta Lagunandre emakumeen elkarteak mezu feministadun banderatxoak ipiniko dituzte herriko hainbat lekutan. Era berean, “Zamudio feminista” leloa duten ikurrak banatuko dituzte dendetan, tabernetan eta zerbitzuetan, baita beren kideen artean ere, erakusleihoetan zein balkoietan ipini ditzaten. Banaketa martxoaren 6an egingo da Nekazamudio azokan. Martxoaren 8an, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Leizaola plazan eta handik manifestazioan aterako dira. Horrezaz gainera, talde feministak hitzaldi bat egin du herrian ipintzen diren banderatxo feministen mezuak azaltzeko. Euren esanetan, pertsona batzuek ez dute mezuak ulertu eta txarto sentitu dira; “era berean, zentzura sortu da lelo batzuen inguruan”. Hurrengo hitzaldia, “Nire potxotxean eta nire mototsean neuk agintzen dut; de lo políticamente correcto a lo incorrecto”, datozen egunotan egiteko asmoa dute eta, aurrekoa moduan, Abella abokatu-taldeak emango du.   

Argazki-lehiaketa

Zamudioko Udalak “Gehien miresten duzun emakumea” argazki-lehiaketa antolatu du. Lehiaketan zamudioztar guztiek hartu ahalko dute parte eta kategoria bi egongo dira: bata, 16 urtetik beherakoentzat; eta bestea, 16 urtetik gorakoentzat. Argazkia egiteaz gainera, parte-hartzaileek lerro batzuk idatzi beharko dituzte azaltzeko zergatik miresten duten irudiaren emakumea. Parte-hartzaile bakoitzak argazki eta testu bakarrak aurkeztu beharko ditu. Lanak txapelketak@zamudio.eus helbide elektronikora bidali beharko dira martxoaren 15a baino lehen. Parte-hartzaileek adierazi beharko dituzte izen-abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia. Parte-hartzaile guztiek 10 euroko diru-txartela jasoko dute saritzat, herriko ostalaritzako establezimenduetan etxera eramateko janaria eros dezaten. Bestalde, lau argazkirik onenak Zamudiorain aldizkarian argitaratuko dira. Epaimahaia Zamudioko Udalak aukeratuko du: epaimahaikide bat kultura-zinegotzia edo berak esandako pertsona izango da, eta bestea, argazkigintzari edo arteari lotutako pertsona. Bestetik, Martxoren 8an elkarretaratze bi egingo dituzte: bata 12:00etan, Sabino Arana plazan; bestea 18:30ean, Agirre Lehendakariaren plazan.

Moreak talde feminista lezamarrak ere elkarretaratzea antolatu du otsailaren 8rako, 19:00etan. Era berean, gogora ekarri dute Virginia Imazen antzezlana egongo dela martxoaren 5ean, eta herriko Berdintasun Kontseiluaren eskutik ere –elkarteak haren partaidea da– zenbait ekintza izango direla.

Larrabetzun, eta hango Berdintasun Batzordeak antolatuta, hiru ekintza egingo dira gazteentzat zein nagusientzat. Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala martxoaren 4an izango da; eta “Gure buruaren jabe” hitzaldia martxoaren 11n. Biak 17:30ean izango dira Anguleri kultur etxean eta izena ematea egin daiteke martxoaren 2ra eta 9ra arte hurrenez hurren, Angulerin bertan edo liburutegia@larrabetzu.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. Autodefentsa feministari buruzko ikastaroa ere izango da eta martxoaren 20an egingo da Angulerin, goizean eta arratsaldean. Izena emateko azken eguna martxoaren 16an izango da. Umeak zaintzeko zerbitzua egongo da ikastaro guztietan.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).