Itoiz musika-taldearen material bila dabiltza ikus-entzunezko lana egiteko

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 1a, 10:34
a: Juan Luis Markaida

Doxa Producciones ekoiztetxeak Itoiz. Udako sesioak ikus-entzunezko lana egingo du eta, horretarako, taldeari buruzko material bila dabiltza. “Taldearen erregistroren bat izan dezaketen pertsona guztiena heldu nahi dugu, artikuluak, argazkiak, bideoak edo soinu-grabazioak batzeko, taldea 1976an hasi zenetik 1988an desegin zen arte”, azaldu dute. Ekoiztetxeak duen informazioaren arabera, bazitekeen Itoiz taldeak 1987an inguruan Lezaman jo izana. “Jaietan eta, antza, jende asko batu zen bertan”.

Bestalde, eta ekoiztetxeak gogora ekarri duenez, Itoiz ezaguna izan baino lehen, taldekideak Indar Trabes izenarekin ibili ziren berbenetan jotzen, eta baliteke baten batek sasoi hartako materiala ere gordeta izatea. “Ziren garaiak kontuan hartuta, badakigu denboraren poderioz informazioaren zati handia galdu dela edo ez dela erregistratu. Halaber, badakigu taldeak jarraitzaile asko izan dituela, eta baliteke partikularren batek bildutako baina argitaratu gabeko materiala izatea. Material hori lortzea gustatuko litzaiguke, profesionala edo etxekoa izan”.  Hori dela eta, taldearen jarraitzaileengana jo dute. “Ziur gaude taldearen Txorierriko jarraitzaileek ere ekarpenak egingo dituztela”. Ekoiztetxearekin harremanetan ipintzeko eta materiala bidaltzeko, archivo@doxaproducciones.com helbide elektronikora bidali behar da mezua.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).