Armairu robotizatu batek irabazi du Txorierriko Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketaren bigarren edizioa

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 2a, 10:55

Ikerketa batzuen arabera, pertsona bakoitzak astean 70 minutu galtzen ditu arropa aukeratzen. Datu bitxi horren harira, Xabier Cuadradok eta David Cosgayak, Politeknika Ikastegiko Mekanizazioko Goi Mailako Heziketa Zikloko ikasleek, ideia bikain bat aurkeztu dute denbora hori murrizteko; armairu robotizatu bat. Ideiari esker, bi gazteek Txorierriko Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketaren bigarren edizioko saria jaso dute.

Lehiaketa EGAZ Txorierrik eta Politeknika Ikastegiak antolatzen dute ikastegiko ikasleentzat eta Txorierrin erroldatutako 16 eta 29 urte arteko pertsonentzat. Bestalde, lehiaketa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Txorierriko Mankomunitateak sustatzen duten Gaztedi programaren barruan dago. Lehiaketa irabazteaz gain, gazteek  smartwatch bana jaso dituzte.

Infinity Furnitures bideoak bikain azaltzen du armairu robotizatu baten funtzionamendua; horrek erabiltzaileen denbora optimizatuko luke egunero arropa aukeratzerakoan. Kategoriatan antolatuta egongo litzateke (adibidez, “udako arropa” edo “neguko arropa”); horrek aukera emango lioke erabiltzaileari agindu zuzen bat bidaltzeko, eta altzari adimendunak haren eskaerekin bat datorren arropa aterako luke segundo gutxitan.

Ideia interesgarria da etorkizuneko ekintzailetzari begira, eta, epaimahaiaren ustetan, 2020-2021 lehiaketako onena izan da; izan ere, aurreko edizioa, hasiera batean joan den urteko martxorako aurreikusi zena, atzeratu egin behar izan zen pandemiaren ondorioz.