Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azaldu duenez, lanek zehaztasun handia behar dute eta konplexutasun handiena da haiek errepide baten azpian egitea, trafikoan eragozpenik sortu gabe. Zehatz-mehatz, 15 metroko zabalera, 6,5 metro altuera eta 25 metroko luzera duen tunel bat zulatu beharko da. Induskatze-lanak hasi baino lehen, La Avanzada-Txorierri adarrean galtzada ezkerrerantz mugitu da apur bat.
Adierazi moduan, Bizkaiko errepide-lotune nagusia da Kukularra eta zirkulazio handia jasaten du. Horrek autoen pilaketak sortzen ditu. Lanek, eta inguruan egiten dabiltzan beste batzuek, arazo horiek gutxitzea dute helburu, eta segurtasuna handitzea. “Txirikordatzea sortzen da La Avanzadatik etortzen diren ibilgailuak eta Arrontegitik etortzen direnak Txorierriko korridorean biltzen direnean, eta hortaz, balaztadak eta pilaketak. Azpiko pasabideari esker konponduko da arazo hori”. Izan ere, “gune horretan hiru errei daude eta puntuko orduetan 5.051 bat ibilgailu batzen dira orduero. Azpiko pasabidea eginda, Arrontegitik etortzen diren ibilgailuak Txorierriko korridorera eskuinetik sartuko dira Bilbora joateko, eta ezkerretik, aurrera jarraitzen badute; erdiko erreietatik sartuko dira La Avanzadatik ailegatzen diren ibilgailuak”.
Kukuarrako lotunean hiru zirkulazio-maila daude gaur egun: La Avanzadaren, Txorierriko Korridorearen eta BI-631 errepidearen, Arrontegirantz, kota da 0 maila; La Avanzada eta Txorierriko korridorea –noranzko horretan– lotzen dituen adarra da 1. maila; eta Txorierriko korridorea eta BI-631 errepidea Arrontegirantz lotzen dituena, 2. maila. Hiru maila horiei beste bat gehituko zaie, zirkulazioa Arrontegitik Txorierriko korridorerantz bideratzeko. Lanetan 11 milioi euro ipiniko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.