Euskararen lekukoa Txorierrin ere bai

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 25a, 12:43

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikaren baitan, AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egingo ditu domekan, martxoak 28, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Ekitaldiak Euskal Herriko herrialde guztietan izango dira eguerdiko 12etan, baita Txorierrin ere; Erandiogoikoan, Derion eta Larrabetzun hain zuzen.

Azaldu dutenez, ekitaldi xumeak izango dira, ordu erdikoak eta unean uneko osasun-neurrietara egokituak, eta aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzea dute helburu. Txorierriko ekintzak Erandiogoikoko elizako plazan egingo dira, Derioko Herriko Plazan eta Larrabetzuko plazan. Bertsolariek hasiera emango diote ekintza-sailari eta, besteak beste, AEKren mezua irakurriko da, Euskal Herrian Euskaraz abestia eta Lekukoa mingaina bertso-rapa entzungai ipiniko dira, marrazkiak-edo egingo dira eta talde-argazkia aterako da. Gainera, ekintzak hasi baino lehen AEK Txepetxa euskaltegiaren Larrabetzuko ikasleek Korrika sinbolikoa egingo dute. Bertsolarik ere amaiera emango diote ekintza-sailari.

Bestalde, Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan. Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpaina ipini da martxan, herritarren sostenguari esker, zorpetzeari aurre egin ahal izateko. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke hainbat eratan. Era berean, AEK-k lan-ildo komun bat hasi du mota guztietako eragileekin batera, “gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako helduen euskalduntzean”. Bideoak hemen daude ikusgai: https://aek.eus/eu/bloga/bultza-eragileen-bideoak. Azkenik, AEK-k jakinarazi du apirilaren amaieran Euskal Herriko administrazio nagusiei gutun bana helaraziko diela eta bertan jasoko dituztela euskalduntze-mugimenduak datozen urteetan nolako baldintzak izan behar dituen. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).