AEKren aldeko bultzada Txorierrin

a: Txepetxa AEK euskaltegia 2021ko mar. 29a, 09:35

Aurten Korrika antolatuz gero, euskararen aldeko lasterketa atzo amaituko zatekeen. Atzo, eta Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikaren baitan, AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago antolatu zituen Euskal Herrian, “euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon zedin". Ekitaldiak Erandiogoikoan, Derion eta Larrabetzun egin ziren Txorierrin. Gainera, AEKren arduradunek jakinarazi zuten 2022ko Korrika martxoaren 31tik apirilaren 10era izango dela.

AEKren arduradunen esanetan, mendi erditik gorako ibilbidean euskaltegiek ondorio emankorrak sortu dituzte eta euskarak hiztun berri asko irabazi ditu azken hamarkadetan. “Euskal Herrian nahiz munduko hainbat tokitan, aurten 40.000tik gora herritar dabiltza euskaraz komunikatzeko bidea egiten, bai horixe! Hala eta guztiz ere, argi dago oraindik lan handia dugula egiteko: Euskal Herriko herritarren % 55 erdaldunak dira, eta, beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu”.

Euskaltegi sendoak behar direla aldarrikatu dute. “Horretarako, ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari. Zuen bultzaden ondorioz, agintari politikoak mugiaraziko ditugu, nola ez! Alta, hori ez da nahikoa izango, euskarak herria behar baitu; helduen euskalduntzemugimendua sustatzeko eta euskaltegiei bultzada emateko, denok egin dezakegu geure ekarpena: egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio-kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz...”.

Bestalde, pandemiak Korrika datorren urtera atzeratzera bultzatu du AEK. “Korrika atzeratu dugu, baina ez dugu bertan behera utzi; eta, gainera, azpimarratu behar dugu oraindik ere nahitaezkoa dela duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura gauzatzea. Hortaz, AEKn buru-belarri ari gara lanean datorren urtean 22.KORRIKA egin ahal izateko. 22. KORRIKA inoiz baino beharrezkoagoa izango da, eta zuon guztion bultzada beharko dugu. Ziur gaude babes erraldoia jasoko dugula zuengandik”.