Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektua da Mugiment kirol-txartela, kirola sustatzeko eta herritarrentzako kirol-eskaintza handitzeko. Txartel birtuala da eta aplikazioa Google Playen eta App Storen eskuratu daiteke. Gaur egun, 48 udalerrik egin dute bat egitasmoarekin –Sondika eta Zamudio, tartean–, eta udalerri horietako abonatuak beste udalen kirol-instalazioetara sartu ahal dira gastu gehigarririk gabe, udal bakoitzak ezarritako erabilgarritasunaren arabera. Mugiment kirol-txartela 87 kirol instalaziotan erabil daiteke jadanik, hala nola kiroldegietan, frontoietan eta igerilekuetan.