Ia 400 pertsonak EGAZ Txorierriren bidez topatu dute lana

Aikor aldizkaria 2021ko api. 20a, 09:49

Enplegu eta Garapen ekonomikoko zerbitzuak jakinarazi duenez, iaz 398 pertsonari lagundu zieten lana topatzen. “Datu pozgarriak dira. Oso urte korapilatsua izan da lan- eta ekonomia-arloetan eta horregatik asko pozten gaitu eskualdeko enpresei eta biztanleei lagundu ahal izatea”, azaldu du Alex Loustaunau EGAZ Txorierriko kudeatzaileak.

Lagun horien % 12ri kontratu mugagabea egin zieten eta kontratu gehienak lanaldi osokoak izan ziren. Gainerakoek, bestalde, aldi baterako kontratua eskuratu zuten: % 70ek lanaldi osokoa, eta % 18k lanaldi partzialekoa. Kontratatutako pertsonen % 64 45 urtetik beherakoak ziren eta goi-mailako ikasketak burututa zituzten. Era berean, 203 emakume kontratatu ziren. Besteak beste, hurrengo arlo hauetan egin ziren kontratuak: manufaktura-industria, zientzia, oinarrizko lanbideak, laguntza-zerbitzuak, ostalaritza, merkataritza eta makinen operadoreak. Gainera, kontratazioak sustatzeko laguntzei esker, 33 txorierritar hartu zituzten hainbat sektoretako enpresetan.

Beste aldetik, EGAZ Txorierrik beste zerbitzu batzuk ere eskaini zituen 2020an, hala nola HAZILAN egitasmoa, telefono bidezko eta aurrez aurreko orientazio-zerbitzuak eta lankidetza-jardunaldiak enpresekin.