EAJren esanetan, Sondikako eta Derioko batzokien kontrako erasoek agerian uzten dute alderdiaren egoitza sozialak hertsapen-kanpaina onartezina pairatzen ari direla

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 19a, 10:59

Aurreko egunetan pintadak eta pankartak agertu dira Euskadiko hainbat batzokitan, eta atzo Sondikako eta Derioko batzokietan agertu ziren pankartak. Horietan “PNV lotu zure txakurrak” mezua irakurtzen zen. EAJk adierazi du Txorierriko bi batzokien kontrako erasoek agerian uzten dutela alderdi politikoaren Bizkaiko egoitza sozialak hertsapen-kanpaina onartezina pairatzen ari direla, eta “ekintza bandalikoak eta onartezinak” eteteko exijitu du.

Ohar-prentsa baten bidez jakinarazi dutenez, “pintadekin edota pankartekin agertu diren EAJren egoitza sozialen zerrenda luzean sartu dira Sondikako eta Derioko batzokiak, argi eta garbi jazarpen-, mehatxu- eta hertsapen-kanpaina dei dezakegunaren barruan egin den azken erasoak direlarik”. Pankartak Sondikako batzokiaren aurrealdean eta Derioko lokalaren horman ipini dituzte “PNV lotu zure txakurrak” mezuarekin eta muturreko bat marraztuta. “Bizkai Buru Batzarrak halako ekintza bandaliko, antolatu eta kolektiboak berehala etetea exijitzen du, gatazka eta amorru giroa sortzea besterik ez baitute bilatzen”. Bestalde, gogora ekarri dute dagoeneko 14 batzoki direla maiatza hasi zenetik erasoak jasan dituzten batzokiak, eta adierazi dute “horrek agerian uzten duela nabarmen igo direla denboraz eta tokiz kanpo egoteaz gain erabat ulertezinak diren jokaerak”.   

BBBK “horrelako jokabide onartezinak eta gaitzesgarriak” kondenatu ditu eta euskal alderdi politiko guztiei eskatu die gaitzespenarekin bat egin dezatela. “Gertaera horiek erakusten duten gauza bakarra da pertsona batzuen ahultasun politikoa eta kultura demokratikorik eza, euskal gizartea iraganeko garaietara itzultzea baino ez baitute bilatzen. Oraindik ez dira konturatu euskal herritarrek elkarbizitza eta desberdinarekiko errespetuaren aldeko hautua egin dutela, eta amorrua eta gatazka elikatzen duen edozein jarduera erabat baztertu dutela”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).