Eman euskarria eta euskara mugituko dut.

Eman euskarri bat eta mundua mugituko dut, Arkimedesek

t: Juan Luis Goikoetxea 2021ko mai. 21a, 10:21

Zein da, baina, Arkimedesen palankaren legeko euskarria? Euskaldunok lehian ari gara oinarri horren bila. Batzuek -teknologia digitalen loraldian- makinen mekanikaz fidatzen dira, izan ere, Interneten laguntza da gaur egun Arkimedesen palanka. Beste batzuek, ostera, joera tradizionalekoak, militantzia ipintzen dute palanka moduan; euskaltzale izatea; euskararekin harro sentitzea; makinaren aurrean, humanismoa.

Jakina da teknika hobetzea, baliabide gehiago jartzea, behar beharrezkoa dena, batez ere, tabletak, sare sozialak eta telebista azkar aldatuz doazenean. Horretarako dira Soziolinguistika Klusterra nahiz euskararako erakundeak. Hala ere, gaurko elebitasun desorekatuan, nik neuk ezinbestekotzat joko nuke euskaltzalea, euskararen aldeko jokalaria, kulturan ondo jantzia, aintzat hartzea.

Blaise Pascal-ek -filosofo, matematikari, fisikari eta idazleak- honela dio: “Pilotan jokatzen denean, jokalari biek pilota berberarekin jokatzen dute, baina batak besteak baino hobeto kokatzen du pilota hori”. Erdara eta euskara jokalariak halaxe ari dira pilotarekin, hau da, euskaldunarekin. Nork irabaziko du? Bada, euskalduna erosoen, atseginen, ondoen zaintzen duen pilotariak.

Euskararen eta erdaren arteko partida ez da inoiz amaituko, Sisiforen mitoan bezala gertatuko da. Sisifok harritzar bat maldan gora eraman behar zuen, eta gailurrera heldu baino lehentxoago, harria gainbehera amiltzen zitzaion eta Sisifok behin eta berriz hasi behar izaten zuen lanean.

Sasoi batzuetan, 22 tantotarako partidan, euskarak irabazten du; beste batzuetan, erdarak, ze berdinketarik ezin egin daiteke. Edonola ere, ez da gauza bera 22 eta 21eko emaitza edo 22 eta 2 irabaztea. Irakurle hori, jokatu eta irabazteko adorea bai? Txalo zaparradarako prest dituzu frontoiko euskaltzaleak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).