Artea, zientzia eta natura uztartzen dituzten sormen egonaldiak, Ur Mara Museoan

BABESTUTAKO EDUKIA 2021ko mai. 28a, 11:48

Sormenaren kabia egonaldiek astebeteko iraupena izango dute, eta denbora horretan, hausnarketa eta sorkuntza-prozesuetan sakontzeko saio praktiko nahiz teorikoak eskainiko dituzte Koldobika Jauregik eta Elena Cajaravillek.

(Goiko bideoaren egilea: Unai Sorarrain).

Zientzia eta naturari lotutako esperimentazio eta prestakuntza artistikorako hiru egonaldi antolatu dituzte Ur mara Museoan. Aste bakoitzean gai bat landuko dute parte-hartzaileek, eta horretarako, Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville, museoaren sortzaileak, izango dituzte bidelagun. Bi tutoreek  euren sormen prozesuan lagunduko diete ikasleei, bakarka zein taldean. Koldobika Jauregi eskultoreak azaldu duenez, finean, "esperimentatzeko laborategi bat" izango da Ur mara.

Horren harira, Alkizako Sormenaren kabiaren helburuak bi direla azaldu dute sustatzaileek. Batetik, diziplina arteko elkarrizketa sortzea; hots, artista eta sortzaileak ez ezik, zientzialariak, pentsalariak, irakasleak eta jakin-nahia duten herritarrak "elkarrizketa sortzaile baten partaide" egitea. Eta bestetik, naturagune batean esperimentatzeko aukera eskaintzea; izan ere, egonaldiak Natura 2000 Sarean onartutako inguruan egingo dira eta Ur mara museoak 11 hektareako espazio irekia du.

Adinez nagusia den eta interesa duen edonork har dezake parte egonaldietan; hala azaldu dute antolatzaileek: "Artea, natura eta erronka berriak maite dituzten pertsonentzat sekulako gozamena izango da". Ekainaren 25era arte egongo da izena emateko aukera, eta Alkizan ostatu hartzeko aukera ere badagoela adierazi dute.

Askotariko alorretako adituak

Sormenaren kabia egonaldietan askotariko esparruetako adituek parte hartuko dutela aurreratu dute antolatzaileek. Ana Galarraga zientzia- dibulgatzailea, Itziar Garate astrofisikaria eta Arantza Aranburu geologoa gonbidatu dituzte, besteak beste. "Horien laguntzaz aukeratutako gaiaren inguruan, hausnarketa eta sorkuntza-prozesuan sakontzeko aukera izango dute parte-hartzaileek", azaldu dute.

Bestalde, Juan Barbe papergile artisaua ere bertan izango da. "Pandemiak eragindako garai trumoitsu hauetan, aire-zabaleran lan egiteko aukera paregabea izango dute ikasleek", gehitu du Jauregik.

Herri proiektu baten emaitza

Ekimena Ur Mara Museoak berak eta Alkizako Udalak abiatu dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dute. Jatorria, baina, Alkizako herritarrekin eta eragileekin batera egindako gogoeta prozesu batean dago.

Herriaren etorkizunaren nondik norakoak adosteko lanaren ondorioz, Fagus Alkiza Herri Proiektua sortu zen. Hiru zutabe definitu zituzten: natura, gizakia eta bi horien arteko harremanetik sortzen den kultura. Azken horri lotuta sortu zen, hain zuzen ere, Sormenaren Kabia Beka 2018an.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).