BFAk bioestimulatzaileak erabiliko ditu banda marroiaren hedapena geldiarazteko

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 4a, 10:59

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, tratamendu aitzindaria erabiliko da banda marroiaren hedapenari aurre egiteko. Tratamendua NEIKERek (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea) garatu du, substantzia naturaletan oinarrituta dago, nekazaritza ekologikoan erabiltzeko baimendutako produktua da eta ez du ondorio kaltegarririk ingurumenean.  

Azaldutakoaren arabera, produktua ez da fitosanitario bat, substantzia naturalen nahastea baizik, eta mantenugaiak eta bioestimulatzaileak ditu zuhaitzen defentsak aktibatzeko eta, hortaz, gaixotasunari aurre egiteko. NEIKERek produktua erabilita egindako probetan emaitza positiboak izan dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak asmoa du tratamendua Arratia-Nerbioiko eta Durangaldeko eskualdeetan airez ezartzeko. Banda gorria pinuei erasaten die, eta tratamendua 4.000 hektareatan emango da ekainaren amaieran edo uztailaren lehen hamabostaldian. “Helikoptero bat erabiliko da produktua botatzeko. Hori aplikagailuen bidez banatuko da bolumen ultra-baxuan (bost litro hektareako), basoen gainetik distantzia egokian hegan eginez, produktua modu egokian emateko eta tratamenduaren eraginkortasuna handitzeko”, esan du aldundiak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).