EHZ festibala, uztailaren 2tik 4ra Irisarrin

a: www.ehz.eus 2021ko eka. 17a, 10:38

“1996ko lehen edizio horretatik 2021era ailegatu gara, ekaitzak eta, azkenean, pandemia gaindituz. Esan gabe doa osasun-egoerak ezinezko egin zuela 2020an festibala antolatzea, baina aurten berriz heldu gara, indartsu eta gogo handiz”, adierazi dute antolatzaileek. Festibala uztailaren 2tik 4ra egingo da Irisarrin eta, besteak beste, Chill Mafia, Ruper Ordorika eta Potato izango dira agertokian.

Esandakoez gainera, Kuartz eta Torheit ere izango dira festibalean eta datozen egunetan talde gehiago konfirmatuko dira. Antzerki-, dantza- eta zirku-ikuskizunak ere egongo dira, hala nola, Hatz(a)marka antzezlana, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tio Teronen Semeak eta Andoni Ollokiegi bakarlaria. Bestalde, tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira Irisarriko Ospitalean, eta bost gai landuko dira: artearen eginkizuna, etxebizitza, krisi kapitalista eta ekologikoa, Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua eta EHZren 25. urteurrena. Hiru eguneko sarrerak, orotara 150, www.ehz.eus webgunean ipini dira salgai 35 euroan, eta eguneko sarrerak ere laster erosi ahalko dira. Era berean, festibalean laguntzaile izateko izen-ematea abiatuko da.

Festibalaren antolatzaileen helburua da hura saretzeko eta sozializatzeko topagunea izatea. Euskara lehenetsiko da horretarako hizkuntza moduan. Aurten, osasun-neurriak kontuan hartuta, formatu berezia prestatzen dabiltza. Horrela, bada, 48 ordu lehenago egindako PCR negatiboa edo txertoa jaso izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, edari- eta janari-postuak izango dira eta ikuskizunak zutik ikusi beharko dira maskara jantzita.  

Etxeratze-aginduak, konfinamendua eta gainerako neurriak direla eta, antolatzaileek ez dute erreza izan festibala irudikatzea; hala ere, ez dute zalantzarik izan: “urte hasieratik hamarnaka laguntzaile lanean ari gara EHZ festibala antolatzeko, batez ere gaur egungo testuinguruan kulturari arnasgunea emateko gogoz. EHZren betiko xedeetako bat da tokiko ekoizleekin eta artistekin elkarlanean aritzea eta inoiz baino gehiago bide horretan segitzeko beharra ikusi dugu”.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).