9.000 pertsonatik gora, Irisarrin

a: facebook.com/ehzfestibala 2021ko uzt. 6a, 10:44

Joan den asteburuan, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala egin da 25. aldiz Irisarrin eta, antolatzaileek esan dutenez, “edizioa zinez arrakastatsua izan da”. Horrela, bada, festibalean 9.000 pertsona baino gehiago batu dira asteburuan zehar.

Osasun-neurriak beteta –48 ordu lehenago egindako PCR negatiboa edo txertoa jaso izanaren egiaztagiria aurkeztu behar zen–, barikuan lehenengo «festibalariak» hurbildu ziren Irisarrira, EHZ festibalarekin gozatzeko. Besteak beste, Olatz Salvadorrek, Rudiger taldeak eta Torheit metal taldeak egin zuten kontzertua. Zapatuan antolatu ziren eztabaidak eta mahai-inguruak, bertso-poteoa, dantza-ikuskizuna eta rap-saioa. Agertokira igo ziren Zea Mays, Fetiche, Anestesia, Tremenda Jauria eta Chill Mafia.

Domekan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek familiei gozarazi zieten, bazkaria antolatu zen eta, beste batzuen artean, Ruper Ordorikak, Potatok eta Diabolo Kiwik egin zuten kontzertua.