Aurreko astean iragarri moduan, asteburuan ez da ohiko jairik egongo Lezamako Goitioltza auzoan. Hala ere, hango jai-batzordeak kultura-ekitaldiak antolatu ditu egun bietarako: umeentzako parkea, Tor magoa eta Taberna Ibiltaria, gaur arratsalderako; eta ibilbidea, bertso-saioa eta Patxuko Nice musika-taldea, biharko. Bestalde, bihar, 20:00etan, En guerra con mi abuelo filma ikusteko aukera egongo da Sondikako eskolan (gonbidapena beharrezkoa da), eta Derion autozinema antolatu dute biharko ere: Jumanji emango dute 18:30ean institutuko aparkalekuan, eta 21:30ean, Bohemian Rhapsody.