Osasun Sailaren protokoloaren eguneratze batean jaso denez, otorduak eskaintzen dituzten Euskadiko establezimenduek mahai bakoitzeko gutxienez pertsona baten datuak hartu eta hiru astean gorde beharko dituzte, COVID-19aren agerraldirik izanez gero kontaktuen jarraipena errazteko. Zerbitzuaren data eta ordua ere idatzi beharko dira. Bestalde, dokumentu horretan adierazi da terrazetan ere maskara jantzi behar dela, pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia utzi ezin denean; neurria ez da bizikideen artean bete behar. Era berean, azpimarratu da ez dela komeni terrazetan erretzea.