TOKIKOM Sarien seigarren edizioa martxan

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 14a, 11:56

TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, TOKIKOM Sariak antolatu ditu seigarrenez, euskarazko toki komunikabideen lana aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote gizarteari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik. “Hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan, eta ekoizten duten edukia ez da oso ezaguna beraien eragin esparrutik kanpo”. Dinamika hori aldatu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratzeko, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak sortu zituen 2016an. “Harez geroztik, urterik urte, sariok argi utzi dute toki komunikabideetan ere punta-puntako kazetaritza egiten dela, hala paperean nola sarean zein ikus-entzunezkoetan”.

Lau sari banatuko ditu TOKIKOMek, azken urtean euskarazko tokiko edozein komunikabidetan argitaratutako lanentzat: azalik onena, edukirik onena, ikus-entzunezkorik onena eta komunitatearen Saria,  Aurreko kategorietako finalisten artean, publikoaren aldetik bozka gehien jasotzen duen lanarentzat.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2021eko irailaren 10era arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak TOKIKOMen webgunean  daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik  egin behar da. Sariak azaroan banatuko dira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).