COVID-19arekin kutsatutako lagunen kopuruak gora jarraitzen du eta, birusaren hedapena gelditzeko asmoz, LABI instituzionalak erabaki du bizikideak ez diren pertsonak kalean elkartzea 00:00etatik 6:00etara debekatzea. Neurria bihar, uztailak 16, sartuko da indarrean 00:00etan, eta helburua da parkeetan, plazetan eta aire zabaleko beste leku batzuetan jendea pilatzea ekiditea. Halere, pertsonen zirkulazioa ez dago debekatuta eta esandako toki horietatik pasatu ahalko da. Lehendakariaren dekretu berrian jaso denez, udalei dagokie leku horiek zeintzuk diren zehaztea. Bestalde, prebentzio-neurriak betetzen ez dituzten ekitaldi jendetsuetan parte ez hartzeko agindua ere ezarri da.