“Legeak lagundu behar du euskal komunikazio sistema propio eta burujabea babesten”

t: Iban Arantzabal, TOKIKOMeko presidentea 2021ko uzt. 16a, 11:43

Arantzabalek zero kilometroko komunikazioaren garrantzia azpimarratu du Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak EAEko Euskararen Legearen 40. urteurrenaren atarian antolatutako jardunaldietan.

TOKIKOMeko presidenteak, Iban Arantzabalek, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldietan parte hartu zuen atzo Bilbon, euskara normalizatzeko EAEko legearen eragina eta baliagarritasuna aztertzeko, lege horren 40. urteurrenaren atarian. Arantzabalekin batera, euskal politika eta gizarteko puntako pertsonek hartu zuten parte jardunaldian, administrazio publikoen, hezkuntzaren eta hedabideen sektoreak ordezkatuz. Besteak beste, EAEko lehen lehendakariordeak, Josu Erkorekak, Hezkuntza sailburuordeak, Begoña Pedrosak, eta EiTB Mediako zuzendariak, Ibone Bengoetxeak hartu zuten hitza Iban Arantzabalekin batera.

Arantzabalek gogorarazi zuen toki komunikabideen sektoreak eta Euskara Normalizatzeko Legeak adin berbera dutela, gaur egun bizirik dirauten lehen toki komunikabideak ere 1980ko hamarkadan sortu baitziren, kasu gehienetan euskara elkarteen eskutik. Azpimarratu zuen legeak beti joaten direla gizartearen behar eta ekimenen atzetik, baina euskara normalizatzeko legearen kasuan, “hedabideak legearen eta gizartearen arteko lotura-egile” izan daitezkeela, legegileen eta gizartearen arteko komunikazioa eta zubi-lana erraztuz.

Etorkizunera begira, Arantzabalek zero kilometroko komunikazioan jarri zuen arreta. Azpimarratu zuen egunero kontsumitzen den informazioaren zati handi bat sare sozialetako multinazionalen esku dagoen garaiotan ezinbestekoa dela komunikazio alorrean, elikaduran, energian eta beste hainbat sektoretan bezalaxe, burujabetzari eustea, eta komunikazio sistema propio, sendo eta dinamikoa mantentzea. “Komunikazioan ere, elikaduran bezala, bertan sortu, banatu eta kontsumitutakoa askoz ere osasungarriagoa eta jasangarriagoa da munduko beste puntatik ekarri beharrekoa baino”.

Alarma egoeraren aurretik ere, premiazko

TOKIKOMeko presidenteak gogorarazi zuen alarma egoeran ere azpimarratu zela “premia biziko” zerbitzuak zirela hedabideak, haien artean euskarazkoak. Eta horren ostean, datuek konfirmatu dutela premiazko izaera hori. Pandemiarik unerik latzenetan, komunikabideen kontsumoa, eta bereziki tokikoena, biderkatu egin da, gutako bakoitzak jakin behar zuelako bere inguru hurbilean zer gertatzen ari zen edo nora joan zitekeen eta nora ez.

Arantzabalek toki komunikabideen kontsumoaren inguruko datuak eman zituen. Interneteko datuei dagokienez, toki komunikabideak dira euskarazko komunikabide ez publikoen kontsumoaren % 70, eta kontsumitzeko arrazoi nagusia gertuko informazioa eskaintzea da.

Etorkizunari begira, bi erronka jarri zituen mahai gainean. Batetik, EiTB eta euskarazko beste komunikabideen arteko lankidetza aldarrikatu zuen. Hala, TOKIKOM EiTBrekin lantzen ari den lankidetza hitzarmena aipatu zuen, eta Erresuma Batuko BBC ezagunak hango toki komunikabideekin duen elkarlan hitzarmena gurera egokitzeko aukerak aztertzen ari direla. Gaineratu du EITB, TOKIKOM eta BBC laster elkartuko direla lan-saioa egiteko.

Bestetik, eta legearen beraren garapenari dagokionez, esan zuen bere ustez badela garaia “euskara modu anekdotikoan erabiltzen duten eta nagusiki erdaraz diren hedabideekin zer egin” aztertzeko. Prentsa elebidunaren herrenak orain dela 40 urte ere detektatu zituztela gogorarazi du. 

Laburbilduz, Arantzabalek ondorioztatu zuen legeak lagundu eta lagunduko duela euskarazko hedabideen garapenean, beti ere hiru oinarriren bueltan garatzen bada: lankidetza, informazio eskubidea eta hiztun komunitatea erdigunean jartzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).