Lezamako Trenbide Zaharreko oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidea egiteko proiektua lizitatu du Foru Aldundiak

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 2a, 09:24

Bide berde berriak 7,3 kilometro izango ditu eta, Sondikatik, Zamudiotik eta Loiutik igarota, Bilbo eta Derio lotuko ditu. Egitasmoa lehiaketara atera da 217.800 euroko aurrekontua duela (BEZa barne), eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2012ko plangintzan ezarritako trazadura izan beharko du oinarri. Hau da aldundiak sustatu duen bide berdeetako lehena, lurraldean natura-guneen gozamena eta mugikortasun jasangarriagoa bateratzeko asmoz.

Egitasmoa egingo da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Natura-Bideen Programaren harira, eta, hortaz, programaren onuradun izateko ezarritako baldintzetara ere egokitu beharko da. Aldundiak 2012ko plangintza-dokumentuan proposatu zuenez, trazadura Montañon (Bilbo) hasi, eta hiriburua eta Lezama lotzen zituen trenbidearen plataformatik igaroko da ia osorik. Plataforma hori ez da 1908tik erabiltzen eta 500 metroko luzerako tunel bat dauka, Txorierriko korridoreraino ailegatzen dena. Gune horretatik aurrera, ibilbidea Sondikako Bidekurtze auzoko bidetik doa, Santimami ingurutik jarraitzen du Loiun eta Zamudion zehar (Asua ibaiaren eskuinaldean), eta Txorierriko Mankomunitateak proiektatutako bizikleta-bideen ardatzarekin egiten du bat.    

Aldundiak azaldutakoaren arabera, trazaduraren bidez lotu nahi dira Bilboko bizikleta-bideen sarea eta Txorierri-Mungialdea. Turismoaren eta naturaren arloetan erakargarritasun handiko ibilbidea izango da, eta, era berean, ondarearen eta memoria historikoaren zati nabarmen bat berreskuratzeko aukera ekarriko du. Horrezaz gainera, aisialdiko eta turismoko jarduerak egiteko ibilbidea izango da, Donejakue bidearen barruan. Bestalde, bide-tarteak Artebakarratik pasatuko den beste ibilbide batekin egingo du bat, eta Mungiaraino ailegatzen zen tren zaharraren trazadurarekin lotuko da; trazadura hori bizikletaz ibiltzeko bidea da gaur egun. Behin egitasmoa esleituz gero, sei hilabeteren buruan egin beharko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).