Gaueko aisialdia bihartik aurrera zabalik

Aikor aldizkaria 2021eko irailaren 17a

Pandemiaren bilakaera ikusita, LABik erabaki du indarrean dauden murrizketak lasaitzea. Horrela, bada, diskotekak eta gaueko aisialdiko establezimenduak berriro ireki ahalko dira. Hala ere, barnealdeko edukiera % 50ekoa izango da eta ezin izango da barran edo zutik kontsumitu; dantzalekuan maskara erabili beharko da. Bestalde, itxiera 03:00etan izango da. Gainerako merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduerak ere ordu horretan amaituko dira. 

Bestalde, tabernetan, jatetxeetan eta txokoetan % 75eko edukiera izango da. Ezin izango da barran edo zutik kontsumitu, eta mahaietan zortzi pertsona elkartu ahalko dira barnealdean, eta 12, kanpoan. Bestalde, ekitaldietan ere edukiera % 75ekoa izango da. Nolanahi ere, 3.000 pertsona baino gutxiago hartzen duten esparruetan gehienez 1.500 lagunentzako edukiera egongo da barrualdean, eta 1.800 lagunentzako kanpoaldean; 3.000 pertsona baino gehiago hartzen duten lekuetan, berriz, gehieneko edukiera ez da % 40 baino handiagoa izango barrualdean, eta % 60 baino handiagoa kanpoan. Azkenik, gazteen lonjak eta lokalak berriro zabaldu ahalko dira, 16 eta 29 bitarteko gazteen % 85ek txertaketaren jarraibide osoa dutenean.