Murrizketa gehienak bertan behera geldituko dira bihartik aurrera

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 6a, 08:30

Osasun-larrialdia amaitutzat eman du LABI batzordeak eta, hortaz, pandemia dela-eta ezarritako neurri murriztaile gehienak indargabe geldituko dira bihartik aurrera. Horrela, bada, tabernetako barran kontsumitu ahalko da eta ez da edukiera-mugarik izango ostalaritzako establezimenduetan, dendetan eta kultura-ekitaldietan. Hala ere, 5.000 pertsonarentzako baino gehiagorentzako lekua dagoen guneetan edukiera % 80koa izango da. Era berean, musukoa derrigorrezkoa izango da barnealdeetan, eta kanpoaldeetan, pertsonen arteko distantziarik utzi ezin bada. Bestalde, ura izan ezik, ezin izango da ez jan, ez edan, gizarte-, kultura- eta kirol-ekitaldietan. COVID-19ak eragindako gaitza gaur egun endemikoa dela esan daitekeen arren, adituek gogora ekarri dute birusak jarraitzen duela eta baliteke noizbehinka agerraldiak egotea.