“Barra berreskuratzea zoragarria da”

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 7a, 13:58

Eusko Jaurlaritzaren LABI aholkularitza-kontseiluak koronabirusaren inguruko neurriak arintzea erabaki zuen herenegun, urriaren 5ean. Euskal Herrira normaltasunetik hurbil dago; esate baterako, ostalaritzan, beste irizpide batzuk gaur sartu dira indarrean: pandemiaren aurreko ordutegia berreskuratu da, tabernaren barruan zutik jateko eta edateko aukera dago... “Barraren esparrua berreskuratzea zoragarria da: barrak giro polita sortzen du, harreman zuzenagoa duzu bezeroarekin, tabernaren edukiera handitzen du....”, esan digu Maite Zamudioko Amairu tabernaren jabeak.

“LABIren neurri berriak izugarriak dira: azken hilabeteotan kostatu zaigu araudi berrira egokitzea eta orain ere denbora beharko dugu, baina pozik gaude. Gaur, eserlekuak jarri ditut barraren aurrean eta jendea harritu da. Apurka-apurka betiko erritmoa hartuko dugu”, adierazi du tabernariak. Bere esanetan, jendeak gorriak ikusi ditu, askok enplegu-espediente erregulazioak izan dituztelako, eta “hori gertatzen denean, ez diozu jateari uzten, tabernara joateari baizik”. Maite baikor agertu da, “gehienok txertoa hartu dugulako”. “Maskara luze jantzi beharko dugu, baina aurrera goaz eta lan egiteko gogoa dugu”.

 

Bezeroak ere pozik azaldu dira LABIk hartutako neurriekin. “Lehen ondo geunden, mahaietan eserita; eta hemendik aurrera ere ibiliko gara gustura, barran. Nik ez dut tabernan maskara kenduko eta, ahal izanez gero, kanpoan hartuko dut edaria. Hala ere, barran egon ahal izatea ere pozgarria da”, aipatu digu bezero batek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).