Korrika-AEK-k kultur sorkuntzarako beka bat eskainiko du

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 15a, 11:37

AEK erakundeak kultur sorkuntzarako beka bat eskainiko du datorren urtean, Korrika Kulturalaren barruan. Dirulaguntza edozein euskal sortzailek lor dezake eta lanaren emanaldiek plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Eskaerak helbide honetara bidali behar dira 2022ko urtarrilaren 31ra arte: ekitaldiak@korrika.eus. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 23. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera bitartean, hain zuzen. 

“Beka honen bidez, Korrika Kulturalaren ardatz izango den ekitaldi nagusia taxutu nahi da; era berean, euskal sortzaileei bultzada emango zaie, eta Korrika Kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jendaurrean aurkezteko lanak sortzen lagunduko da”, adierazi du AEK-k bekaren oinarrietan. Lana ekoizteaz gainera, AEK-k “gutxienez bost eta gehienez 50” saio egiteko konpromisoa hartu du. 

Oinarrietan beste baldintza batzuk aipatu dira: proiektuak euskaraz sortu behar dira; inon argitaratu gabeak; eta egileak 18 urte baino gehiago izan behar du. Sortzaile bakoitzak proiektu bi baino ezin izango ditu aurkeztu bekara. Parte-hartzaileek dokumentu bi aurkeztu beharko dituzte: lehenengoan, egilearen datuak; eta bigarrenean, proiektuaren azalpena, bi edo bost orrialdetan, hau da, ezaugarri nagusiak, euskarriak, egitura, luzera, estiloa... Gainera, egileek aurrekontua ere jakinarazi behar dute. Antolatzaileek esan dutenez, saio bakoitzak ezin izango du 5.000 euro baino gehiago balio. 

Epaimahaiak lauzpabost lan aukeratuko ditu, eta egileek egindakoa epaimahaikideen aurrean defendatu beharko dute. Irabazlearen berri 2022eko apirilean emango da. Epaimahaiak beretzat gordeko du accesitak emateko eskubidea (ekoizpenari beka bat eman; ekoizpenari ez, baina bai ekitaldi bati; ekitaldi-kopuru txikiagoa antolatu...). Epaimahaiak Korrika Kulturalerako propio pentsaturiko sormen-lanak lehenetsiko ditu. Gainera, saririk ez banatzea erabaki dezake, lanen kalitatea eta plazaratzeko aukerak kontuan hartuta. Epaimahaiaren erabakiak onartu egin beharko badira ere, azken hitza Korrika Kulturaleko batzordeak izango du.