Azaroaren 7ra arte eman ahalko da izena Kameratoian

a. 2019ko edizioa / Euskaltzaleen Topagunea 2021ko urr. 18a, 11:28

Urtero moduan, Kameratoia ikus-entzunezko rallya martxan ipini du Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Euskal Zine bileraren baitan. Erronka da 36 ordutan antolatzaileek egunean bertan emandako gaiaren eta baldintzen araberako laburmetraia sortzea. Online izango da eta parte-hartzaileek eurek erabakiko dute grabazioa eta bestelako lanak non egin.

Hamazortzitik 35 urtera bitarteko lagunentzako lehiaketa da eta gehienez sei kideko taldeak osatu ahalko dira. Irabazleek 800 euro jasoko dituzte saritzat; bigarrenek, 400 euro; eta hirugarrenek, Lekeitioko aterpetxean gau bat ematea. Bestalde, Aitziber Garmendia aktoreak eta sortzaileak formakuntza-saioa emango die parte-hartzaileei. Izena emateko azken eguna azaroaren 7a izango da. Informazio gehiago www.kameratoia.eus webgunean eskura daiteke.