Txorierriko Mankomunitateak Active Parks aplikazioa martxan jarri du parke osasungarriak dinamizatzeko

t: Esku-hartze Komunitarioko Zerbitzua 2021ko urr. 25a, 14:01

Telefono mugikorretarako aplikazio honen bidez, kalistenia-parkeen eta parke bio-osasungarrien instalazioak behar bezala eta gure beharretara egokituta erabili ahal izango ditugu; aukera emango digu helburuak ezartzeko, gure urratsak zenbatzeko eta inguruko parkeen kokapena eta instalazioak ezagutzeko.

Esku-hartze Komunitarioko Zerbitzuaren helburuetako bat Txorierriko herritarren artean jarduera fisikoa bultzatzea eta bizitza sedentarioa murriztea da. Pandemiak -aire zabaleko jarduera fisikoaren praktika areagotzera eraman gintuen eta honegatik, oso interesgarria iruditu zitzaigun udalerri bakoitzeko biztanleek dituzten baliabide publiko eta doakoen sustapen aktiboa egitea.

Horien artean Txorierriko zenbait udalerritako parke bio-osasungarriak eta kalistenia parkeak daude; bertan instalatutako makina eta aparatuek edozein adinetako pertsonentzako espazio irekietan kirola egitea errazten dute. Active Parks aplikazioak ariketa fisikoa modu malgu, egituratu eta gidatuan egiteko aukera ematen du, horrelako espazioen digitalizazioaren bidez.

Aplikazioa doakoa da, behin deskargatuta eta erregistroa eginda, interesdunek aukera dute Txorierriko digitalizatutako parkeak eta instalazioak kontsultatzeko. Gainera, tutoretza-bideoen bidez, makina edo instalazio bakoitzaren erabilera seguru eta zuzenerako jarduera gidatuak egiteko modua izango dute, baita euren aktibitateak planifikatzeko eta asteko helburuak markatzeko ere, egindako ariketaren erregistro bat eginez.

Ikasturte honetan zehar, aplikazioa erabiliz, klase gidatuak egingo dira institutuko ikasleekin, haien beharretara eta lehentasunetara egokituta. Aldi berean, teknologia berrien erabilera txarra eta horiek sendentarismoarekin duten harremana landu nahi dira.