`Hitzez ekiteko garaia´ lelopean egingo da hirugarren Euskaraldia

Zapatuan, azaroak 20, Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu zen Iruñean. “Hitzez ekiteko garaia” lelopean, Euskaraldia 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da, eta hizkuntza-ohiturak aldatuz ingurukoei eragiteko gonbitea egin diete antolatzaileek belarriprest eta ahobizi roletan ibiliko diren herritarrei. Entitateek ere ariguneak atondu ahalko dituzte.

Aurkezpen-ekitaldian azaldu zutenez, hizkuntza-ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago egin ditzaten. Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz; hurrengo urtean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna.

Aurreko edizioetan moduan, ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatuko dute Euskaraldian parte hartuko duten herritarrek, ariketa sozialeko 15 egunetan izango dituzten hizkuntza portaeraren baitan. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa. Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu 2020 urtean, eta hurrengo urtea izango da bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.

 “Hitzez ekiteko garaia” lelopean egingo da ariketa sozialaren hirugarren edizioa, pandemiak aurreko edizioan izandako eragina gaindituta, Euskaraldiak jauzi garrantzitsu bat ematea nahi dutelako sustatzaileek. “Harreman sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan, eta hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi izan da leloaren bidez. Hitzaren bidez eragiteko deia egin nahi zaie herritar eta entitateei, hitza baita hizkuntza-ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia”.

“Hitzaren bidez eragiteko deia egin nahi zaie herritar eta entitateei, hitza baita hizkuntza-ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia”

Euskaraldiaren bigarren edizioaren ondoren egindako ikerketen ondorioetatik landu da datorren urteko ariketa soziala. Ikerketetan ikusi denez, partaideek ariketan izandako bizipenak eta hizkuntza ohitura aldaketetan izandako lorpenak ekimenarekiko iritzian duen pisua handia da. Ariketan belarriprest zein ahobiziek beraien inguruan eragiteko eta aldaketak sortzeko duten gaitasuna azaleratu da eta eragin hori areagotzeko tresnak martxan jartzea izango da hurrengo hilabeteetarako erronka nagusia. “Belarriprest zein ahobiziek, prestatuta eta aktibatuta egonez gero, aldaketa handiak eragin ditzakete beraien ingurune hurbilean eta hori izango da hurrengo Euskaraldiaren helburu nagusia”.

“Belarriprest zein ahobiziek, prestatuta eta aktibatuta egonez gero, aldaketa handiak eragin ditzakete beraien ingurune hurbilean”

Hitza eta ekintza

Antolatzaileen esanetan, pandemiaren eragina nabarmena izan zen 2020ko azaroan eta abenduan egindako Euskaraldiaren bigarren edizioan. Gerora ere, euskararen gizarteratzean eta kale presentzian eragin hori luzatu egin da. Hitzaren bidez kalea berriro hartzeko deia egin nahi izan dute Euskaraldiaren antolatzaileek. “Hurrengo Euskaraldia mugarria izatea da helburua: batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu dezan, eta, bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete ditzaten”.

Euskararen inguruko ekimenek protagonismoa izango dute 2022 urtean, aurkeztu berri den 22. Korrika kasu. “Urte garrantzitsua izango da herriz herri antolatutako euskaltzale sareak antolatzen eta indartzen jarraitzeko. Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko”.

“Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko”

Herri-batzordeak

Hirugarren edizioan ere herriz herri antolatutako batzordeen sarea izango da Euskaraldiaren bihotza. “Gizarte mugimenduen eragina murriztu den pandemia garaiotan ere, ikusi da boluntarioen ekarpena eta euskaltzaleen ilusioa euskararen normalizazioaren motore garrantzitsuak direla. Horregatik, antolatzaileentzat ezinbestekoa izango da, aurreko ekinaldietan osatu den modura, herri batzorde sare aktibo eta trinkoa antolatzea”.

Bestalde, bigarren Euskaraldian era guztietako entitateek sortutako ariguneek jarraipena izango dute datorren urtean egingo den ariketa sozialean. Horretarako, era guztietako entitateei gonbitea egingo zaie lehenbailehen has daitezen euskaraz lasai aritzeko guneak identifikatzen edo berriak sortzen. “Hizkuntza-ohituretan eragin eta euskarazko hizkuntza portaerak finkatzeko, gune hauen areagotzeak garrantzi handia du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).