Hekimenek eskatu dio Eusko Jaurlaritzari diru-laguntzak tokiko komunikabideei ere zabaltzea

Eusko Jaurlaritzak COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko asmoz zenbait komunikabideri emango dien laguntza gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzeko eskatzen du Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteak

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak latzak izaten ari dira komunikabideen eremuan eta, noski, baita euskarazko hedabideen kasuan ere. Pandemia hasieran egin genuen azterlanak argi erakutsi zuen, besteak beste, publizitatean jaitsiera nabarmena jasaten ari garela edota harpidetzetan ere murrizketa gertatzen ari dela. Eta horri guztiari pandemia zeharka eragiten ari den bestelako ondorioak ere gehitu behar zaizkio (paperaren, argindarraren edota erregaien garestiztea). Diru-sarrerak murrizten ari diren bitartean, gastuak handitzen ari dira eta horrek asko zailtzen du komunikabideen biziraupena. Hori da komunikabideen egoera, baina guztiona, ez bakar batzuena soilik. Ondorioz, ez da ulertzen Jaurlaritzak laguntza hauek komunikabide jakin batzuetara soilik bideratzea. Are gehiago, bere garaian, azterlanaren emaitzekin batera, euskarazko komunikabideetan pandemiaren ondorioak leuntzeko neurriak ere eskatu genituenean. 

Are gehiago, ez da ulertzen diru-banaketa horretan, euskarazko komunikabideek %6,6 bakarrik jasotzea. Euskararen normalizazioaren ikuspegitik euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa den heinean, ezin dira COVID-19ak eragindako ondorioen aurrean babesik gabe utzi, txertatu gabe utzi. Izan ere, hori COVID-19aren aurkako txertoa hautatutako batzuei soilik jartzearen parekoa litzateke. Ulergaitza egiten da aldizkari orokorrak, tokiko hedabideak, espezializatuak, herritelebistak… babes neurri horretatik kanpo uztea. Zer herri-eredu du buruan Eusko Jaurlaritzak dirua horrela banatzen duenean? Zer iritzi du ekosistema mediatikoari buruz? 

Pandemiak hedabide guztiak jo ditu gogor, baina egitasmo txikiak dira ondorioak gehien jasan dituztenak, izan ere, txikiak dira bestelako diru sarreretara heltzeko arazo gehien dituztenak (publizitatea, publizitate instituzionala, dirulaguntza bereziak...). Komunikabide askorentzako egoera kritikoa da eta hainbat egitasmoren biziraupena jokoan dago. Txertoekin bezala, lehentasuna zahurgarrienek izan beharko lukete. Zergatik lagundu handienak bakarrik, irismen-datuetan oinarrituta? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak? 

Euskarazko komunikabideek pandemia garaian ahalegin berezia egin dute, ez bakarrik informaziogaitasunari eusteko, baizik eta gaitasun hori indartzeko. Ahalegin berezia, bakoitzak bere esparruan pandemiak eskatzen zuen neurrian erantzuteko. Eta herritarrek ahalegin hori eskertu dute. Ikusi besterik ez dago pandemia garaian nola handitu den euskarazko komunikabideen kontsumo digitala. Horrelako laguntza puntualek edota berrikuntzari lotutako inbertsioek euskarazko komunikabideak kontuan hartzen ez badituzte, zaila izango da aurrera egitea. 

Honegatik guztiagatik, Hekimen elkartetik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu COVID-ak eragindako kalteak arintzeko helburuz onartutako laguntza hauek euskarazko gainerako komunikabideei ere zabaltzea. 

 

Andoainen, 2021eko azaroaren 24an

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).