Kerman Lejarragak eutsi dio gerrikoari

a: DAZN 2021ko abe. 9a, 11:50

a: DAZN

Kerman Lejarraga boxeolariak EBU (European Boxing Union) elkartearen Europa mailako superwelter kategoriako gerrikoa defendatu zuen abenduaren 4an, Bilbao Arena aretoan. Morgako errebolberrak KOz irabazi zion Jack Faltley britainarrari bederatzigarren roundean. Guztira, Lejarragak 34 garaipen lortu ditu profesional mailan (horietako 26, KOz) eta bakarrik porrot bi. Gainera, laugarren aldiz lortu du Europako txapelketa eta horri esker, euskal boxeolaririk onena da, Paulino Uzcudunek, Urtainek eta Senínek hiru txapelketa irabazi zituztelako.   

Kermanek irailean irabazi zuen gerrikoa eta hurrengo sei hilabetetan gerrikoa defendatu behar zuen. Horretarako, Bolton herriko Jack Flatley (17-2-1, 4 KO) aukeratu zuen. Britainarrak zalantzati hasi zuen borroka, lehenengo roundean euskaldunak lurrera bota zuelako. Handik aurrera, ahal izan zuen moduan egin zien aurre txapeldunak egin zizkion erasoei, eta batzuetan, Lejagarra defentsan fin ez zebilela, kolperen bat ere eman zion bueltan. 

Errebolberra sendoago ibili zen defentsan, tartea zaindu zuen, eta, bosgarren roundetik aurrera, ez zion arerioari arnasa hartzeko aukerarik eman. Zortzigarren roundean, Kermanek berriro bota zuen Boltonekoa lurrera. Eta azkenean, Flatleyk defentsa sutsua erakutsi arren, Lejarragak KOz irabazi zuen bederatzigarren roundean, eskumako zuzeneko bortitzari esker. Britainarrak konortea galdu zuen eta Kermanek medikuak ringera sartzea eskatu zuen.  

Betiko moduan, Lejarraga gogor azaldu zen, gogor bezain zuhur, eta komeni zitzaion borroka egin zuen. Errebolberrak etxean borrokatu zuen berriro, Bilbao Arenan, 4.000 ikusleren artean. Zaletuek babesa eman zioten etxeko boxeolariari, eta giro ederra sortu zen Miribillan. Izan ere, morgarrak bi urte eman ditu kanpotik borrokatzen. 

 

Errebantxa Charrati?

Ez da oraindik jakinarazi Lejagarraren hurrengo urratsa zein izango den. Ibon Larrinaga entrenatzaileak adierazi du boxeolari guztien ametsa munduko txapelketa dela. Era berean, adituen iritziz, errebantxa eskainiko dio Dylan Charrat frantsesari, irailean irabazi zion boxeolariari. “Boxeoaren langilea naiz: deitzen didatenean, hara joango naiz borrokatzera, ez dut beste aukerarik”, esan zuen Lejarragak borroka bukatutakoan.