Erosi euskaraz, Txorierrin

t: Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea 2021ko abe. 15a, 08:53

Txorierriko Euskararen Lagunen sareko kide diren establezimenduetan paperezko 15.000 poltsa banatuko dira Gabonetako kanpainari begira. Saltokiak erraz aurki daitezke mapa interaktiboen bidez.

Merkataritzan euskara sustatzea eta gertuko merkataritza bultzatzea dira Euskararen Lagunak egitasmoaren helburuak, kanpainaren leloak dioen bezala: “Gertuko erosketak, gertuko hizkuntzan. Txorierrin baino hobeto, non?”. Egitasmoak atxikimendu zabala izan du eskualdeko merkatarien artean, 116 establezimendu batu baitira sarera (4 Loiun, 6 Lezaman, 10 Larrabetzun, 15 Sondikan, 17 Zamudion eta 64 Derion).

Establezimendu horiek kanpainaren logoa izango dute sarreran, bezeroek erraz identifikatu dezaten. Edonola ere, Txorierriko Mankomunitateak mapa interaktiboak sortu ditu, sarean edo QR kodearen bidez kontsulta daitezkeenak, bai mankomunitatearen webgunean bai udal bakoitzaren webgunean. Tresna horren bidez herritarrek euren gertuko dendak aurkitu ahalko dituzte, eta haiekin harremanetan jarri.

Txorierriko Mankomunitateak, bestalde, paperezko 15.000 poltsa banatuko ditu Gabonetako kanpainarako, sarera batu diren saltoki guztien artean. Poltsa horietan kanpainaren ikurra eta leloa agertuko dira, baita mapa interaktiboaren QR kodea ere.

 Horretaz gain, merkataritzan euskara sustatzeko beste hainbat kanpainarekin ere bat egin du  Txorierriko Mankomunitateak, tartean Eusko Jaurlaritzak sustatutako   “Betikoa, Gertukoa”  kanpainarekin, esaterako.

 Kanpaina horri dagokionez, Mankomunitateak eskuorri eta kartelak banatu ditu Txorierriko dendetan eta bertan QR kodearen bidez ETBn agertuko den iragarkia  eta “Euskararen laguna”ren mapa interaktiboa jaitsi ahal izango dira. Beste hainbat baliabide ere erabili dira zabalkundea egiteko: zineman iragarkia zabaldu da, autobus geltokietako markesinetan ere iragarkia jarri da, udaletako paneletan…

Beraz, kontuan izan, hurbildu zure konfiantzazko dendetara,  eta erosi euskaraz!

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).