Bizkaiko Foru Aldundiak hiru milioi euro inbertituko ditu euskara sustatzeko

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 4a, 10:31

Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilaren 17an irekiko du euskara sustatzera, zabaltzera eta normalizatzera bideratutako dirulaguntzak eskuratzeko epea. Eskaerak Aldundiaren egoitza elektronikoan (www.ebizkaia.eus) egin beharko dira. Guztira, 3,2 milioi euro bideratu dira: 1,8 mlioi, udalei, udal erakunde autonomoei, mankomunitateei eta irabazi asmorik gabeko pertsonei zuzenduta daude; beste milioi bat, euskarazko aldizkako argitalpenei; 270.000 euro, enpresei; eta 200.000 euro, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskara sustatzeko.  

Aldundiak eremu horiek guztiak funtsezkotzat jotzen ditu euskara zabaltzeko. Esate baterako, erakundeek (udalerriak, mankomunitateak...) euskararen erabilera esparru ez formaletan sendotzen laguntzen dute: gazteentzako kirol jarduerak, etorkinek euskarara hurbiltzeko programak, familian euskararen transmisioa sendotzeko proiektuak... Enpresei dagokienez, besteak beste, Aldundiak ostalaritza establezimenduetan eta saltokietan bezeroei euskarazko arreta emateko dirulaguntza banatuko ditu.