Etengabe hazten eta hobetzen jarraitzea da `Aikor!´-en erronka nagusia, zuzendariaren esanetan

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 10a, 10:26

Duela 20 urte, zenbait euskarazko komunikabide sortu ziren lurraldean eta haien artean izan ziren Aikor! Txorierriko aldizkaria, Anboto (Durangaldea), Begitu (Arratia), Bizkaie! (aldizkari digitala) eta Prest! (Deustu). Olatz Enzunza Bizkaiko Hitzaren kazetariak elkarrizketa egin die esandako komunikabideen zuzendariei. Xabier Goienetxe Aikor! aldizkariaren zuzendariaren esanetan, etengabe hazten eta hobetzen jarraitzea da Txorierriko aldizkariaren erronka nagusia.

Goienetxek Enzunzari azaldu dion moduan, “Aikor! sortu arte, Txorierrin ez zegoen euskaraz irakurtzeko ia ezer. Hortaz, gure asmoa euskarazko komunikabide bat sortzea izan zen, informazioa euskaraz emateaz gain, euskara eta euskal mundua bultzatzeko. Era berean, hilabetekariari esker, Txorierriko herrien artean nolabaiteko kohesioa eman da”.   

Gorabeherak gorabehera, Aikor! nahiko osasuntsu dagoela uste du Goienetxek eta egoera berrietara egokitzea ezinbestekoa izan da horretarako. Itxialdian izandako zailtasunak eta pandemiaren ondorioak ere ekarri ditu gogora. “Lau hilabetez egon ginen etxetik telelana egiten eta ez zen erraza informazioa behar bezala biltzea eta eduki osoak argitaratzea. Gure kasuan, publizitatea jartzen duten gehienak merkatari txikiak dira, eta horiek ere denbora luzez egon ziren itxita. Hala ere, aurrera egitea lortu dugu, eta bagoaz pixkanaka egoera zail hori gainditzen”.

Etorkizunari dagokionez, Goienetxek Bizkaiko Hitzan esan du etengabe hazten eta hobetzen jarraitzea dela erronka nagusia. “Aurrez saiatu izan gara beste eskualde batzuetara zabaltzen, baina ez da posible izan. Orain, beraz, eskualdean lan egiten duten horiengan jarri nahi dugu arreta, sendotzen jarraitzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).