Frantziako Tourra Txorierritik pasatuko da 2023an

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 27a, 11:31

Datorren urtean, Frantziako Tourraren lehenengo hiru etapak Euskal Herrian egingo dira, eta horietako bat Txorierritik pasatuko da. Lehenengoa, antolatzaileek esan bezala, “% 100 bizkaitarra” da, eta Bilbon hasi eta bukatu egingo da. Txirrindulariek 185 kilometro egingo dituzte eta ibilbidea hau izango da: Bilbo, Erandiogoikoa, Lauroeta, Leioa, Getxo, Sopela, Gorliz, Armintza, Bakio, Bermeo, Gernika, Morga, Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika eta Bilbo. 

Bigarren etapak, 210 kilometrokoak, Gasteiz eta Donostia lotuko ditu eta Arabaren eta Gipuzkoaren artean egingo da. Helmuga Jaizkibel ganan jarriko dute. Halaber, hirugarrenean, txirrindulariek 80 kilometro egingo dituzte euskal kostaldetik, Zornotzatik Baionarantz. Antolatzaileek ez dute oraindik zehaztu helmuga non kokatuko duten, ezta zenbat kilometro izango dituen ere. Tourra Euskal Herritik aterako da 31 urte geroago, Donostiatik atera zenetik. Eta 2018ko uztailaren 28an jokatu zen azkenekoz etapa bat Lapurdin, Senpere eta Ezpeleta artean.    

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak eta Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak aurkeztu zituzten etapak Gasteizen, Europa Jauregian. Tourra Euskal Herrira etortzeko, Urkulluk “elkarlana” azpimarratu zuen;  Prudhommek, euskaldunok dugun txirrindularitzarako “pasioa”. Aurkezpenean, hainbat agintari izan ziren: besteak beste, Hegoaldeko hiru alkateak (Juan Mari Aburto, Gorka Urtaran eta Eneko Goia) eta hiru ahaldun nagusiak (Unai Rementeria, Ramiro Gonzálezeta Markel Olano). Gainera, txirrindularitza arloko hainbat lagun ere hurbildu ziren ekitaldira: Marino Lejarreta, Txomin Perurena, Igor González de Galdeano, Abraham Olano, David Etxebarria, Roberto Laiseka, Joseba Beloki, Mikel Landa, Pedro Horrillo, Pello Bilbao, Ion Izagirre eta Miguel Madariaga.  

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).