Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea

2022ko aurrekontuak, premiei erantzuteko

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 2a, 09:43

Txorierriko Mankomunitateak jakinarazi duenez, abenduaren 27an Osoko Bilkurak hiru aurrekontu onartu zituen: Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearena, 8.496.134,61 euro (% 2,77ko igoera); Txorierriko Udal Euskaltegiarena, 780.556,95 euro (% 5,30eko igoera);  eta Behargintza Txorierri SL merkataritza-sozietatearena, 881.607,98 euro (% 7,17ko jaitsiera).

Azaldutakoaren arabera, “une honetan Txorierrin dauden beharrizanak kontuan hartuta”, aurrekontuen bitartez helburu hauek bultzatu nahi ditu Mankomunitateak:

1.- Udalerri bakoitzeko berdintasun-planaren ebaluazioa eta diagnostikoa egitea, eta udal-eremuetan genero-ikuspegia txertatzeko lan egitea.

2.- Enplegu eta Gazteria Plana mantentzea. Enplegua sustatzen jarraitzea zeharkako ikuspegi global batetik, prestakuntza, enplegua eta emantzipazioa bultzatzeko programak eginez.

3.- Euskararen ikaskuntza eta bereziki erabilera bultzatzen jarraitzea. Horretarako, 50.000 euroko igoera izango du aurrekontuak, besteak beste Euskaraldiaren hirugarren edizioa antolatzeko, Txorierriko merkataritza eta ostalaritza arloan bertako salerosketak bultzatzeaz gain euskararen erabilera sustatzeko, eta Txorierrin egin den hizkuntzen erabileraren kale-neurketaren azterketa egiteko eta horren ondorioak herritarrei zabaltzeko..

4.- Lehen mailako gizarte-laguntza indartzea, eta horretarako etxeko laguntza-zerbitzua 73.000 euro handituz.

5.- Ordainsarien eta plantillaren igoeraren aurreikuspenak eragindako langile-gastuen gehikuntzari aurre egitea.

6.- Udal Euskaltegirako egoitza berria egiteko pausuak ematea eta Mankomunitatearen egoitza handitzen jarraitzea.

Puntu horietaz gain, Txorierriko Mankomunitateak adierazi du aurreko urteetan arrakasta izan duten programekin jarraituko duela eta egitasmo berriak abiatuko dituela.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).