Bizipuntuak Txorierrira etorri dira

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 9a, 14:48

Bizipuntuak bizikletak konpontzeko eta mantentzeko geltokiak dira. Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat jarri ditu Bizkaia osoan eta gaur, Derion, kiroldegiaren alboan, Txorierrikoak aurkeztu dira. Derioz gainera, Bizipuntuak herri hauetan jarri dira Txorierrin: Sondikan, Larrabarrena parkean; Larrabetzun, Elexosteko aparkalekuan; eta Lezaman, Udaletxeko plazan. Baita Gamiz-Fikan eta Marurin ere.

Bizipuntua doako zerbitzua da eta hari esker txirrindulariek tresna batzuk izango dituzte eskura, nork bere bizikleta behar bezala konpontzeko eta zaintzeko: bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, allen motako giltza txikiak.... Gainera, mahuka bi daude: bata, gurpilak puzteko; eta bestea, ura botatzeko eta bizikleta garbitzeko, esate baterako. Azkenik, QR kodeak ere jarri dituzte eta horien bidez eskainiko dira hainbat tutorial, konponketa sinpleak egiten ikasteko.    

Txorierriko alkate batzuek hartu dute parte aurkezpenean, Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru diputatuarekin batera: Esther Apraiz Derioko alkatea; Iñigo Gaztelu Larrebetzukoa; Xabier Zubiaur Sondikakoa; eta Jon Ander Aurrekoetxea Lezamakoa. Ana Maria Rubio Gamizko alkatea eta Isaac Amezaga Maruriko alkatea ere izan dira han. Bizipuntuek bat egite dute udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun jasangarriaren alde egin duten apustuarekin.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).