Artxandako ur-biltegi berriak etengabeko hornidura bermatuko die Txorierriko eta Bilboko 5.000 biztanleri

a: Bilboko Udala 2022ko ots. 15a, 08:55

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak uztailean ipini zuen martxan Artxandako lur azpiko ur-biltegi berria, baina azpiegitura atzo inauguratu zuen. Biltegi berriak 2.000 metro kubikoko edukiera du eta 24 orduan etengabeko hornidura bermatuko die eremu hauetako 5.000 biztanleri: Sondikako San Roke auzoa, Zamudioko Galbarriatu auzoa, Derioko Lobaga auzoa eta Bilboko Avril mendia, Remar-Sarrikue eta Artxanda auzoak.

Orotara 4,3 milioi euro ipini dira obra egiteko. Hori Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera finantzatu da, Ur Partzuergoak erakundearekin duen hitzarmenaren baitan. Lanak 2018ko urtearen amaieran hasi ziren eta hiru fasetan egin dira: zuhaitzak kentzea eta egokitze-lanak, biltegi eta hodi berriak eraikitzea eta eremua birjartzea eta hobetzea. Izan ere, lursaila berreskuratu da herritarren aisialdirako: San Rokeko bidea birjarri eta handitu da; aparkaleku berriak ipini dira; haurrentzako jolastoki berria atondu da; zeudenak egokitzeaz gainera, oinezkoentzako pasaleku berriak jarri dira; argiteria hobetu da; eta landare inbaditzaileak kendu eta bertokoak landatu dira.  

Inaugurazio-ekitaldian batu ziren hauek: Kepa Odriozola, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidentea; Amaia Antxustegi, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru-diputatua; Esther Apraiz, Derioko alkatea; Igotz López, Zamudioko alkatea; Xabier Zubiaur, Sondikako alkatea; eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea.

Aurrekariak

Artxandako lehenengo biltegiak 400 metro kubikoko bolumena zuen, eta oso erregulatze-gaitasun txikia. Ur-lamina 254,00 metroko kotan zuen, eta hondokoa, 250, metroko kotan. Horren ondorioz, ponpaketak txarto funtzionatzen zuen, biltegia azkar husten zenez, egunean behin baino gehiagotan gelditzen zen eta. “Hain zuzen, 2007tik aurrera gora egin du eguneko batez besteko kontsumoa, eta egunean 1.200-1.600 metro kubikokoa izan da”, azaldu dute.   

Arazoa konpontzeko, 2.000 metro kubikoko edukiera duen biltegi erregulatzaile berria eraikitzea proposatu zen, bi ontzitakoa. Azpiegitura berria aurrekoa zegoen lekuan kokatu da, Artxanda mendiaren gainaldean. “Helburuak dira etorkizuneko eskaera modu eraginkorrean asetzea, hornidura 24 orduan bermatzea, ponpaketaren funtzionamendua hobetzea eta gunea aisialdirako berreskuratzea. Gainera, biltegia lur azpian dagoenez, ez du ingurunean eraginik izango”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).