Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza emango die Txorierriko proiektu eraldatzeei

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 17a, 14:26

Bizkaiko udalerriek 58 milioi jasoko dituzte Herriak Egiten ezohiko funtsetik proiektu eraldatzaileetan inbertitzeko. Egitasmo horiek lau lerro estrategikoak jorratu beharko dituzte: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena. 

Pandemiaren eragina arintzeko, Estatuak 94,7 milioi euro eman zion Bizkaiari eta Aldundiak horren erdia banatuko da herrien artean. Dirua udalerri bakoitzaren biztanle-kopuruaren arabera zabalduko da: 1.500 biztanlera arteko udalerri txikienek 100.000 euro jasoko dituzte eta Bilbok, 200.000 biztanle baino gehiago dituen udalerri bakarrak, 15 milioi. Txorierrin, Loiuk (1.500tik 3.000 biztanlera bitartean), 140.000 euro jasoko ditu, baita Larrabetzuk eta Lezamak ere; Sondikak eta Zamudiok (3.000tik 5.000 biztanlera bitartean), 230.000 euro; eta Deriok (5.000tik 7.500 biztanlera bitartean), 345.000 euro.  

Unai Rementeria ahaldun nagusiak esan du Herriak Egiten ezohiko partida Bizkaia osoa hobetzeko funtsa dela. “Udalerri guztietan proiektu eraldatzaileak jarri nahi ditugu martxan, lurraldeko pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko, bizi diren tokian bizi direla eta baldintza berdinetan. Eta hori bermatuta dago Herriak Egiten planarekin”. Gainera, Rementeriak aipatu du udalerrien diru-sarrerak handitu egingo direla. Izan ere, Udalkutxa funtsak likidazio positiboa izan du, 2021eko urrian aurreratu ziren aurreikuspenak hobetu egin baitira. Hau da, 80 milioi euro gehiago lortu dira.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).