Foru Aldundiak zenbait lan egin ditu Txorierrin, errepideak hobetzeko

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 24a, 14:03

Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean jarri zuen martxan Bidesarea plana eta datorren urterako 240 milioi euro inbertituko ditu horren barruan, Bizkaiko errepideak hobetzeko. Gaur iragarri dituzte planaren azken zatiaren emaitzak, 2019tik 2023ra bitartean. Txorierrin ekintza batzuk egin dituzte Santo Domingon, Galbarriatu auzoan eta Asuan. 

Aldundiak BI-3741 eta BI-631 errepideak lotu zituen Santo Domingon, 0,5 milioi euroren truke. Halaber, bost milioi gastatuko ditu BI-631 errepidea egokitzeko, Derioko Galbarriatu auzoan. Lanak ez dira oraindik bukatu. Eta azkenik, Asua aldeko BI-735 errepidea urpean ez gelditzeko lanak laster izapidetuko dira. Horiek 0,7 milioi euroko aurrekontua izango dute. Guztira, planaren barruan, Aldundiak sei milioi euro baino gehiago gastatuko ditu Txorierriko bide-sarea hobetzeko. Txorierrikoak alde batera utzita, hainbat lekutan ere egin dira hobetze-lanak: Gurutzetako ospitalean, Rontegi zubian, Gordexolan, Elorrion, Zornotzan, Leioan...  

Bidesarea planak helburu bikoitza du: batetik, bide-segurtasuna modernizatzea; eta bestetik, errepide-loturen bidez, eskualdearen eta udalerrien lehiakortasun hobetzea. Imanol Pradalesek zehaztu duenez, 2019tik 2023ra bitartean 33 jarduketa planifikatu dira: horietatik zortzi amaitu dira; 10 martxan daude; eta 15 izapidetzen dabiltza. Guztira, 129 milioi euroko inbertsioa egin da Bidesarea planaren barruan azken lau urteotan. Eta Bidesarea jarri zenetik, 240 milioi euro inbertitu dira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).