KORRIKAren Txorierriko aurkezpena martxoaren 18an Baserri Antzokian egingo den arren, dagoeneko lotu dira datozen asteotan bailaran izango diren ekitaldietako batzuk. Horrela, martxoaren 5ean, goizean, arropa eta petoak ipiniko dira salgai Zamudion, eta Piratak kalejira egongo da, Goloka taldearen eskutik. Kalejira 12:00etan aterako da Agirre Lehendakari plazatik; 13:00etatik aurrera Bertokok girotuko ditu herriko kaleak. Martxoaren 23an, 19.00etan, Bertsokorrika egongo da Derioko Kultur Birikan, Itallen bertso-eskolak antolatuta; eta apirilaren 1ean, 19:00etan, Dorleta Kortazar ipuin-kontalariaren 80 amandre saioa ikusteko aukera egongo da Marikobaso espazioan. Aurrerago, ekintza gehiago iragarriko dira.