Apirilaren 4an hasiko da errenta aitorpena aurkezteko epea

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 3a, 14:45

Bizkaiko Foru Aldundiak errenta aitorpena kanpaina aurkeztu du gaur, Bilbon. Izapide guztiak hiru eratan egin daitezke: bulegoetan, telefonoz ala Internet bidez. Aitorpena egiteko epea apirilaren 4tik ekainaren 30era bitartean zabalduko da. 

Apirilaren 4tik aurrera, errenta-gutunak bidaliko dira. Era berean, egun horretatik aurrera Aldundiaren egoitza elektronikoan zergadun guztien zirriborroak eskuragarri egongo dira. Aldundiak 2021eko ekitaldiari buruzko datu ekonomikoak (errendimenduak zein atxikipenak) dituzten pertsona guztiei jakinarazpenak bidaliko dizkie apirilean. Jakinarazpen horretan Ogasunak adieraziko die aitorpena aurkeztu behar duten, zergak ordaintzeko aukerarik onena zein den (banaka edo batera) eta zirriborroaren behin-behineko emaitza. Hala ere, Ogasunak ez du horrelakorik zabalduko zirriborroa osatzeko behar diren datu guztiak ez baditu. 

Era berean, Bak gakoa aktibatzeko kode bat emango zaie identifikazio digitaleko sistema hori eta ordezkaritza-gakoa ez duten pertsonei, beste pertsona batek errenta-kanpainako izapideak bere izenean egin ahal izan ditzan. Ordezkaritza-gakoa ez zaie bidaliko adingabeei, hildakoei eta mendeko pertsonei.

 

Laguntza

Errenta-aitorpena izapide korapilatsua da eta horren haritik, Aldundia laguntza eskainiko du hainbat modutan. Batetik, aurrez aurreko bulegoetan, Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Mungian, Durangon eta Portugaleten. Arreta-ordutegia lanegunetan izango da, goizez eta arratsaldez, 8:30etatik 19:00etara. Bulegoetan 126 agente egongo dira lanean. Zergadunek hitzordua eskatu beharko dute hara joateko, www.bizkaia.eus/renta webgunearen bidez edo Errenta 21eko aurretiko hitzorduaren telefonoaren bitartez, 944 066 600. Hitzordua eskatzeko epea apirilaren 1ean irekiko da.

Bizkaitarrok telefonoz ere jasoko dugu laguntza, hala nahi izanez gero, 946 083 000 telefonoan. Guztira, 311 agente ibiliko dira lanegunetan, 08:30etatik 19:00etara, zergadunei zirriborroa berrikusten eta osatzen eta aitorpena aurkezten laguntzen, baita zalantzak argitzen ere. Azken aukera Internet da, www.bizkaia.eus/renta webgunean eta Renta Bizkaia Errenta aplikazioan. Bi kasuetan beharrezkoa da identifikazio elektronikoko baliozko sistema batekin identifikatzea. Zergadunak horrelakorik ez badu, bere Bak gako propioa sor dezake errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliz.

 

Itzultzeko eta ingresatzeko epeak

Aitorpena aurkeztu ondoren, itzuli behar bazaio, zergadunak zazpi eguneko epean dagokion diru-sarrera jasoko du bere banku-kontuan, zergadunak aurkeztutako datuen eta Ogasunak dituen datuen artean desadostasunik ez badago. Zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egiten ez bada, automatikoki jasoko dute diru-sarrera uztaileko lehen egunetan, errenta-aitorpena aurkeztera behartuta egon ala ez.

Ingresatu beharreko emaitza duten aitorpenen kasuan (ogasunaren alde), emaitza zergadunaren banku-kontuan zordunduko da kanpaina amaitu ondoren, aitorpena aurkeztu den ala ez kontuan hartu gabe.

 

Nortzuek aurkeztu behar dute aitorpena

Ogasunak gutunaren edo jakinarazpen elektronikoaren bidez jakinaraziko dio zergadun bakoitzari PFEZen aitorpena aurkeztu behar duen ala ez. Arauaren arabera, hurrengo hauek ez dute aitorpena aurkeztu behar: 14.000 euroko edo gutxiagoko laneko etekin gordinak izan dituztenek; 14.000,01 euro eta 20.000 euro bitarteko laneko etekin gordinak izan dituztenek; eta kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak lortzen dituztenek, horiek  urtean guztira 1.600 euro baino gutxiagokoak badira.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).