Aldundiak martxoaren 17ra arte ireki du udalekuetan izena emateko epea

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 10a, 14:59

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek Udalekuak 2022 programa aurkeztu dute gaur. Guztira, 15 leku eskainiko dira hiru lurraldeetan zein Nafarroan, gazteek uztailean ondo pasatzeko. Bizkaian, 1.268 plaza eskaintzen dira eta eskaerak online aurkeztu beharko dira, www.bizkaia.eus/udalekuak webgunean. Gure lurraldean izena emateko epea martxoaren 17an amaituko da, 13:30ean. Eskaera guztiek hartuko dute parte zozketa batean eta hori apirilaren 28an egingo da 10:00etan. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 7 eta 13 urte bitarteko 3.973 haurrek hartuko dute parte aurten udalekuetan. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo dira, astebeteko txandetan banatuta. Txanda bakoitzak 135 euro balio izango du, hobaririk gabe. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edota Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duten familiei % 85eko hobaria emango zaie, eta 20,25 euroko partaidetza-kuota ordainduko zaie. Era berean, familia ugarietako kideek % 30koa aurreztuko dute eta 94,50 euro ordaindu beharko dute. Plazen % 5, 63 ume, mendetasun aitortua duten pertsonengana bideratuko dira. 

Bizkaian, Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasako (Bertiz-Arana) aterpetxeetan egingo dira udalekuak; Gipuzkoan, Orion, Zarautzen eta Hondarribian; Araban, Barrian, Zuhatzan eta Espejon; eta Nafarroan, Arantzan, Bertizen eta Igantzin. Herritar bakoitzak bere lurraldean emango du izena, baina edozein udalekutan parte hartzeko aukera izango du. 

Umeek hainbat ekintza egingo dituzte udalekuetan: museoak bisitatu, txalaparta, birziklatze-tailerrak, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak, laser tag, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arrauna, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, artaburuak, zakulariak, txingak, sokatira), ferrata bideak, baratzeko jarduerak, animaliekin egindako jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak, besteak beste. Eta inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.

Martxoaren 22tik aurrera, erregistratutako eskabideen zerrenda argitaratuko da webgunean, eskatzaileek zerrenda horretan sartu direla egiaztatu ahal izan dezaten. Zerrenda horretan agertzen ez bada, erreklamazioa aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izango da (martxoaren 23tik apirilaren 1era). Notario aurreko zozketa publikoa apirilaren 28an egingo da, 10:00etan.

 

Informazioa:

www.bizkaia.eus/udalekuak

944063360

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).