Martxoaren 24rako ikasle-grebara deitu du Ikasle Abertzaleakek

t: Txorierriko Ikasle Abertzaleak 2022ko mar. 16a, 07:30

Ikasle Abertzaleak sindikatuko kideok martxoaren 24rako ikasle-grebara deitu dugu “Hezkuntza erreformak gelditu” lemapean, izan ere, hezkuntzaren erreforma ziklo baten erdian gaude. Horrela, Bigarren Hezkuntzan LOMLOE, unibertsitatean LOSU eta Lanbide Heziketan LH plana aplikatzen ari dira. Oharkabean pasa dira hainbat hezkuntza-erreformaren onarpen eta aplikazioak, baina aipatutakoek betetzen duten funtzioa eta utziko dituzten ondorioak salatzeko unea dela deritzogu.

Erreforma hauek egungo hezkuntzaren errealitatean kokatu behar ditugu: hezkuntza garestitzen ari da (bigarren hezkuntzan bataz beste 667 € gastatzen dira, zer esanik ez unibertsitatean); asko dira ikasketak utzi behar izaten dituzten ikasleak (batez ere familia proletarizatuenak); ebaluazio-sistema klasista da, ikasketei denbora gutxien eskaini ahal dietenek, langile klaseko ikasleek, oztopo gehiago baitituzte beharrezko emaitzak lortzeko; enpresa handiek erabakitzen dute zer ikasten dugun, haien beharren menpe baitaude gure ikasketak (formakuntzak, lan-praktikak, konpetentzia digitalak…); kontrol sozialaren areagotzea nabaria da plataforma digitalak moduko mekanismoen bidez, eta ukaezina da hezkuntza-sistemak ikasleon osasun mentalean eragin kaltegarria izaten duela maiz, ikasketek suposatzen dizkiguten presioagatik.

Argi dago hezkuntza erreforma hauetan planteatzen diren legeen aplikazioek ez dituztela hezkuntza prozesuaren arazoak konponduko, horiek indartu baizik. Gaur egungo hezkuntza-ereduaren arazoak ez baitira arazo partzialetara mugatzen, eta beraz, erreforma hauek ezintasuna dute hezkuntza-sistema hobetzeko eta problematika desberdinei aurre egiteko. 

Beraz, martxoaren 24ean kaleak hartuko ditugu hezkuntza-erreformak salatzeko. Argi eta garbi adierazteko langile-klasearen beharrak ez daudela lege horietan islatuta, eta, beraz, bestelako hezkuntza-eredu baten beharra dugula aldarrikatuko dugu, hezkuntza sozialistaren beharra, hau da, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza-eredua. Horretarako, manifestaziora deitu dugu Euskal Herriko zenbait hiriburutan, eta Txorierriko Ikasle Abertzaleakeko kideook 12:00etan Bilboko Moyua plazatik aterako den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diogu ikasleei. Parte hartu mobilizazioetan!

HEZKUNTZA ERREFORMAK GELDITU!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).