Ukrainarako laguntza humanitarioa batzen dabil Mankomunitatea

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 28a, 14:30

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen udalek jarraitzen dute Ukrainaren aldeko elkartasuna adierazten. Aurreko asteetan, udalek, bakoitzak bere kabuz, laguntza humanitarioa jaso dute, baina hemendik aurrera batera arituko dira. Horretarako, Lezamako enpresari batek pabiloia eskaini du Kurtze industriagunean, Matsa landetxearen alboan, hainbat materiala bertan jasotzeko: janaria, xaboia, osasun-materiala... Nahi duena hara eraman ahal du laguntza.

“Orain dela aste bi, Lezamako enpresari batek kamioi bat eskaini zuen Ukrainara laguntza eramateko. Harremanetan jarri zen Ucrania-Euskadi elkartearekin eta azkenean hiru kamioi bidali zituen hara. Halaber, beste enpresa batek pabiloi bat doan utzi digu, laguntza jasotzeko. Gainera, enpresa horren langile batek boluntarioekin batera jasotzen du materiala ordutegi honetan: aste egunetan, 9:00etatik 13:00tara eta 14:00etatik 18:30era; eta zapatuetan, 10:00etatik 13:00etara”, azaldu du Jon Ander Aurrekotxea Lezamako alkateak. Udalez gainera, hainbat herritarrek hartzen dute parte. “Eskertzekoa da guztiek egiten duten lana eta laguntza: tantaz tanta edalontzia betetzen da”.

Udalek Ucrania-Euskadi elkartearekin egiten dute lan. Elkartea 2014an sortu zen: hasiera batean, kooperazio-proiektuak garatzen zituzten Ukrainaren eta Euskal Herriaren artean, baina gerra piztu denetik, laguntza kudeatzen dabiltza. “Jasotzen dugun materialak bi hartzaile izango ditu: Ukrainan bertan dauden herritarrak zein hona etorritakoak, guztiek premia handia dutelako”, esan digu Oksana Demyanovych Ucrania-Euskadi Elkarteko kideak. Denetarik behar dute: linternak, kandelak, pilak, lo-zakuak, elikagaiak (beirazko ontzietan ez), maskarak, alkohol etilikoa, seruma, botikinak...  

Demyanovychen esanetan, gainezka dabiltza. “Ikasi behar izan dugu laguntza zelan bideratu eta horretarako Euskal Herriko hainbat eragilek laguntza itzela eskaini digute. Pazientzia izateko eskatzen dugu. Gardentasuna bermatzeko, Ukrainako zenbait udalekin hitzarmena sinatu dugu; horrela ziurtatuko dugu laguntza heltzen zaiela”. Dena dela, ukrainarra eskertuta sentitzen da. “Eskerrik asko guztiei, adierazi duzuen babesarengatik eta ukrainarrak etxean hartzeagatik. Eusko Jaurlaritzak ere laguntza eskaini digu. Hunkituta gaude”.  

Elkarteak kontu korrontea ere ireki du, bertan jendearen ekarpenak batzeko: 

ES16 2095 5001 00 9114437029

 

Informazioa:

Mankomunitatea: 944 540 350

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).