Gaur hasi da errenta kanpaina

Aikor aldizkaria 2022ko api. 4a, 13:23

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, apirilak 4, 2021eko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena aurkezteko epea ireki du. Kanpaina ekainaren 30era arte luzatuko da eta tarte horretan 640.000 aitorpen aurkeztuko dira: % 70 zergadunen aldekoak izango dira eta herritar horiek batez beste 996na euro jasoko dituzte. Aldundiak 800.000 bizkaitarroi egin digu errenta aitorpenaren zirriborroa eta hori berresteko aukera izango dugu aurrez aurre, telefonoz eta modu digitalean. 

Aurrez aurrekoa nahiago badugu, Ogasunaren bulegoetako batera jo beharko da, baita Aldundiaren Gertu bulegoetara ere. Horretarako, hitzordua eskatu behar da 944 066 600 telefonoan. Bestalde, aitorpena telefonoz osatzeko edo laguntza eskatzeko, hau da zenbakia: 946 083 000. Azkenik, Internet gure aukera bada, webgune bi ditugu eskura: batetik, www.bizkaia.eus/renta; bestetik, Renta Bizkaia Errenta aplikazioa.

Ogasunak aurretik dituen datuak erabilita egiten ditu zergadunen eskura ipintzen diren zirriborroak; horregatik, kasu batzuetan beharrezkoa izango da zergadunek bestelako informazioa jakinaraztea: datu pertsonalak edo helbidea aldatu izana, aurreko urteetatik kobratutako atzerapenak, etxebizitzaren edo merkataritza-lokalaren alokairuagatiko diru-sarrerak edo ordainketak, higiezinen salmenta...

Aitorpena hurrengo kasu hauetan aurkeztu beharko da: lanetik etorritako errentak 20.000 eurotik gorakoak badira; eta kapital-etekin gordinak eta ondare-irabaziak batera 1.600 eurotik gorakoak badira. Aitzitik, ez da aitorpena aurkeztu beharko hurrengo kasu hauetan: bi ordaintzaile edo gehiago izanez gero, 14.000 euroko baino gutxiagoko lan-etekinak badira; eta 14.000 eta 20.000 bitarteko diru-sarrerak izanez gero, bigarren edo gainerako ordaintzaileen diru-sarrerak 2.000 eurotik gorakoak ez badira.  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).