Euskal Herriko Itzuliaren biharko etapa Zamudion bukatuko da

Aikor aldizkaria 2022ko api. 6a, 11:06

Euskal Herriko Itzulia apirilaren 4an hasi zen Hondarribian; eta apirilaren 9an bukatuko da Arraten. Bitartean, lasterketa zuzenean ikusteko aukera izango dugu Txorierrin: bihar, apirilak 7, Zamudion bukatuko da laugarren etapa; eta etzi, apirilak 8, herri berean hasiko da bosgarrena. 

Bihar, txirrindulariak Gasteiztik etorriko dira Bizkaira: Arratiatik Galdakaora eta hortik Txorierrira. El Viverotik 15:00ak aldera jaitsi, eta Loiutik ibiliko dira. Ibilbidea Plentzia eta Bakiora urrunduko da, baina Fikatik berriro hurbilduko da gurera. Handik aurrera, hainbat aldiz pasatuko da gure herrietatik: Lezamatik (16:40), Deriotik (16:45), Zamudiotik (16:49), El Viverotik berriro, Larrabetzutik (17:19), Lezamatik (17:24) eta, bukatzeko, Zamudiotik (17:26). Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, tropela 17:30ean helduko da Parke Teknologikoan (Ingeteam enpresaren aurrean) jarriko duten helmugara.

Hurrengo egunean Parke Teknologikoa ere izango da abiapuntua. Txirrindulariek Ingeteamen aurrean, 13:24an, hasiko dute Itzuliaren bosgarren etapa. Handik Lezamara eta Larrabetzura abiatuko dira eta Morgatik aterako dira Txorierritik.