Sukaldean
Ezinbesteko gozagarria da Mediterraneoko sukaldaritzan. Italian, likore bat egiten dute bere baiak erabilita: Laurino. Bestalde, sukaldean hosto freskoak zein lehorrak erabili daitezke, baina lehortzen badira, handik urte batera galduko dute lurrinaren zati handia eta garratzagoak izango dira. Hostoek digestioa egiten laguntzen dute, baita urdaileko mina arintzen ere, batez ere hartzidurari lotuta dagoena.
Ezaugarri sendagarriak
Olio esentzialei esker, lagungarria da erreuma eta haragi-etenak arintzeko. Lasaigarria da, espektoratzailea eta digestio-laguntzailea. Izerdia arintzen du, eta Erdi Aroan izurriaren aurka erabiltzen zuten. Landare ona da digestio zail edo astunetarako: otorduen aurretik infusioa hartzen bada, digestioa errazten du; otorduen ondoren hartuz gero, haizeak ateratzen laguntzen du.
Ereinotz-infusioa: ur litro bakoitzeko 20-30 g ereinotz-hosto bota behar dira. Edozein infusio moduan prestatzen da. Lagungarria da hilekoaren zikloa erregulatzeko.
Ereinotz-olioa: oliba-olio birjinetan 30 g ereinotz-hosto beratuko ditugu 10 egunean. Giharretako edo hezurretako minetarako, igurtzi edo masajeen bidez zabaltzen da. Erreuma- eta hantura-kontrakoa da eta, besteak beste, arintzen ditu tortikolisa, lunbalgiak, ziatika eta bihurdurak.
Bitxikeriak
Laurus-ek “noblea” adierazten du latinez. Espezie garrantzitsu eta ezagun asko ereinotzaren familiakoak dira, hala nola kanela txinatarra eta ahuakatea. Hostoak giroa lurrintzeko erabili daitezke, eta armairuetan sitsen aurka (izpilikuarekin nahasi daiteke, eta urtaro bakoitzean berritu).