Euskal Herriko Itzulia

Daniel Felipe Martinez nagusi esprintean Zamudion

Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa Zamudion bukatu da gaur. 14 laguneko ihesaldi indartsu bat sortu da, tartean Mikel Iturria urnietarra, baina tropelak ezinezko egin du ihesaldiaren arrakasta, garaipena esprintean erabaki zitekeela jakitun; Roglic-ek atzo sortu zituen zalantzak uxatu ditu gaur, eta Daniel Felipe Martínezek irabazi du esprintean. 

Ihesaldietarako ezin aproposagoa zen Itzuliko laugarren etapa, baina tropela ez dago barkatzeko. Ganguren mendate pikoko bigarren pasaeratik helmugara 20 kilometro zeuden, horietatik 12 ordekan, eta tarte horretan lana egin dezaketen morroiek mundua jan diezaiokete ihesean doanari. Hala gertatu da Zamudion, eta Victor Lafay lyondarra izan da gaur kaltetuena. Etapa bikaina egin du Cofidis taldeko frantziarrak, 14ko taldetxoan igotzaile onena izanda Urruztimendin eta Gangurenen. Azken mendatea 1.10 segundoko aldearekin pasa du tropelarekiko, eta barren hustu da, helmugara iristeko, baina azken kilometroaren pankartapean irentsi dute.


Tropelean interes ezberdinek egin dutelako bat. Bahrein taldeak Novak jarri du tiraka, Pello Bilbaok Zamudioko helmuga pikoan aukeraren bat izan zezakeelako. Quick Step-ek ere ihesaldian ibilia zen Mauri Vansevenant jarri du tiraka, baina UAE-Emirates izan da Lafay-ren ametsa zapuztu duena. Diego Ulissi esprinterra onenekin pasa da Gangurendik, eta Marc Soler-ek eta beste bi taldekidek lan itzela egin dute Lafay-ren diferentzia ia erabat jateko. Remco Evenepoel izan da errematatzen azkena, baina lana egin duten hiru talde horiek esku hutsik geratu dira, INEOS taldeko Daniel Felipe Martinez nagusitu baita esprint itxian. Berriro Alaphilippe-eri, eta berriro justu antzean. Beste urteetan Dartañan-ek hanka batekin menderatuko zituen aurkari guztiak gorantz egiten duen helmugan, baina aurten kamuts dabil Alaphilippe.

Etapak, bestelakoan, zalantza garrantzitsu bat argitu du, atzo, Amurriora bidean Primoz Roglic komeria batzuk pasatzen ikusi baikenuen Ozekan. Gaur zalantza oro uxatu du, eta berak pertsonalki erantzun ditu hainbat eraso. DanIel Felipe Martinez-en bat, Ganguren-eko maldetan, edo Remco Evenepoel-ena, bestea, jaitsieran. Roglic ondo dago, eta esloveniarra bere aldaretik jaisten kosta behar zaie aurkariei. Gainsariei esker etapa garailea eta Alaphilippe geroz eta gertuago ditu sailkapen nagusian, baina biharkoa etapa polita da Roglicentzat, eta ez du urrun izango etapa garaipena, eta horrek dakartzan gainsariak.

Bihar bosgarren etapa, Zamudion hasi eta Mallabian bukatu, apenas atsedenik ez daukan 164 kilometroko etapa bihurria. Hirugarren mailako hiru mendate daude, bigarren mailako beste bi, baina puntuak banatuko ez dituzten beste dozena bat muino gaizto. Horietako azkena Mallabiko helmugakoa, oso oso gaiztoa. Kilometro erdi baino laburragoa, zati gogorrena, baina %16ko pendizak ere bai, tarte gogorrenean. Bihar ihesaldiak jai izango du, gainsariak gero eta mamitsuagoak baitira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).