Bulebar berri batek lotuko ditu Getxo eta Bilbo itsasadarretik

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 3a, 13:59

Bizkaiko Foru Aldundiak erabat eraldatuko du BI-711 errepidea, itsasadarretik Bilbo eta Getxo lotzen dituena. Bere ordez, 6,5 kilometroko bulebar bat jarriko dute, bertatik autoak, oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko. Ibilbide horrek Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo zeharkatzen ditu. Lanak 2023ko apirilean hasiko dira eta 2024ko bigarren zatian bukatu. Egitasmoaren aurrekontua 20 milioi eurokoa da.  

Proiektuak itsasadarraren eskuineko aldea eraberritzea du helburu. Gainera, Aldundiak ibaia hirian uztartu nahi du, baita mugikortasun jasangarria bultzatu ere. Horretarako, bulebarrak bat egin du gaur egungo Getxoko eta Bilboko bideekin; ezkerraldeko bideei ere egongo da lotuta, Barakaldoren eta Erandioren artean Aldundiak zubi mugikorra eraikiko baitu. Bulebar berrian, oinezkoek hiru metroko esparrua izango dute; txirrindulariek, lau metrokoa; eta autoek, ia zazpi metrokoa. Esparru bakoitza behar bezala bananduko da eta seinaleak jarriko dira bertan, segurtasuna bermatzeko. Leku nahikorik egongo ez balitz, plataformak eraikiko lirateke uraren gainean.   

Azpiegitura berriak beste aldaketa bat ekarriko du Lamiakon, han autoen trafikorik egongo ez delako. Autoak BI-711 errepidetik ibili beharrean, Felipe del Río kaletik desbideratuko dira. Lamiako inguru horretan aisialdirako gunea egingo da. Beste alde batetik, glorietak egingo dira Asuako (BI-747) eta Astrabuduako (BI-647) bidegurutzeetan. 

Unai Rementeria ahaldun nagusiak proiektua aurkeztu du gaur. Berarekin batera, agintari hauek izan dira: Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua, eta Juan Mari Aburto, Aitziber Oliban, Amaia Agirre eta Iban Rodríguez, Bilboko, Erandioko, Getxoko eta Leioako alkateak, hurrenez hurren. Rementeriak “iraultzailetzat” jo du proiektua, lanek itsasadarraren ertza eraberrituko dutelako eta aukera berriak sortzen lagunduko dutelako.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).