Ekintza Gangurenen, Pirinioetako Bidea egitasmoari begira

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 27a, 12:52

Uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinioetan. Farol bereziak eta linternak baliatuta, argi-lerroa osatuko dute Euskal Herria eta Katalunia batu eta herri bietako autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzeko. Txorierritarrek Larla mendiko gailurra (Irulegi) argiztatuko dute, eta “motorrak beretzeko”, ekainaren 5ean ekintza egingo dute Ganguren mendian.

Ekintza Txorierriko eta Galdakaoko Gure Esku egitasmoen ordezkariek antolatu dute. Parte-hartzaileak nor bere udalerritik aterako dira 09:00ak inguru eta Biberoko parkinean batuko dira 11:00etan, handik Ganguren mendira joateko. Tontorrera helduta, ekitaldia eta hitzaldia egingo dituzte, eta uztaileko ekintza gogora ekarri. Bestalde, ekainean informazio-mahaiak ipiniko dituzte herrietan.

Esan moduan, txorierritarrei Larla mendia argiztatzea egokitu zaie. Antolatzaileek azaldu dutenez, segurtasun-arrazoiak tartean, ekintzan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea; hau da, herritarrek ezin dute antolatzaileei esan gabe ekintzan parte hartu. Izena ematea www.gureesku.eus webgunearen bidez egin daiteke, edo herrietako batzordeei eta arduradunei esanda. Parte-hartzaileek diru-kopuru bat ordaindu beharko dute eta asegurua dago horren barruan.

Bestalde, uztailaren 2an, txorierritarrak Arrosa herrian batuko dira; Ondayako aparkalekuan hain zuzen ere. Hitzordua 20:00etan ipini dute eta aparkaleku horretatik Larla mendira abiatuko dira. Ordubete inguruko ibilbidea, 3,2 km, egingo dute gailurrera heltzeko. Antolatzaileen esanetan, Gure Eskuko ekintzak 08:00etatik 01:00etara iraungo du, eta parte-hartzaileek euren kabuz joan beharko dute Ondayako aparkalekura, eta ekintza amaituta handik alde egin.

Ekintza Pirinioetako Bidea/Via Pirinenca egitasmoaren baitan egingo da eta antolatzaileak hauek dira: Gure Esku, ANC Assemblea Nacional Catalana eta FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya. Omnium Cultural eta Artistes de la República erakundeek lagundutako egitasmoa da.