EHZ Festibala zuzenean ikusteko bi lagunentzako sarrera, zozketan!

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 8a, 13:21

Aikor! aldizkariak bi lagun gonbidatuko ditu Irisarrira, Nafarroa Beherara, EHZ Festibala zuzenean ikustera, uztailaren 1etik 3ra bitartean. Txartela lortzeko, whatsappa bidali behar da telefono honetara: 747 406 561. Mezuak ekainaren 16ra arte bidaltzeko aukera dago eta horien artean zozketa egingo dugu. 

Musika da EHZ Festibalaren ardatza, egitarau alternatiboa eta aberatsa: rapa, rocka, elektroa, metala, reggae-a… Publiko guztiei egokitutako eskaintza bat proposatzen da, talde handiak zein txikiak, ezagunak zein ezezagunak. Aurten hainbat talde arituko dira: Sepultura, Ah!, Ezpalak, Delirium Tremens, Odei, Pasadena, Vulk... Musikaz gainera, jaialdian tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizunak (antzerkia, dantza, bertsolariak...) ere antolatuko dira. Era berean, jaialdiak konpromiso irmoa adierazi die ekologiari eta sexu-askapenari. Horren haritik, brigadak eratu dira, besteak beste, plastikozko kontsumoa murrizteko eta eraso sexistak ekiditeko.     

Euskal Herria Zuzenean 1992an sortu zen eta Piztu elkartearen lekukoa hartu zuen. Hori Ipar Euskal Herri barnealdeko eta kostaldeko gazteen mobilizazio tresna handia izan zen. Hainbat kontzeptuk definitzen dute Euskal Herria Zuzenean elkartearen izaera: feminismoa, antikapitalismoa, ekologia, sexu askatasuna, justizia soziala, internazionalismoa, aniztasun kulturala eta bazterkerien aurkakoa. 1996an lehen aldiz antolatu zuten EHZ Festibala. Harrezkero, jaialdia hainbat tokitan egin da eta 2019tik Irisarrin egin da. 

“Euskal Herriko festibalik zaharrena garai berrietako beharrei egokitzen doa, Ipar Euskal Herriko herri eta gazte mugimendua indartzeko xedearekin. Euskal hizkuntza, nortasun nahiz kultura defendatu eta lankidetzan oinarrituriko antolakuntzaren bitartez, zenbait jatorri eta eremu sozialetako gazteen arteko trukaketa eta ezagutza bultzatzeak egiten du EHZ Ipar Euskal Herriko ekimen berezienetako bat izatea”, idatzi dute antolatzaileek webgunean.

 

Webgunea: 

https://www.ehz.eus/eu/